Mostrando entradas con la etiqueta Asia. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Asia. Mostrar todas las entradas

domingo, 29 de noviembre de 2009

Tokio: modernotasunaren zergatia

Tokio mundu moderno eta aurrerapen teknologiko guztien irudi eta sinbolo izateak ez du esan nahi bere historia ez duenik. Ezta gutxiagorik ere; historia hori beste hiri batzuena bezain aspaldidanikoa ez bada ere, gertakari ugariz josita dago.

Antzinako garaietan bazeuden zenbait tenplu eta herrixka txiki Tokioko Badiatik gertu dauden muinoetan. Hala ere, hiri honen nolabaiteko sorrera “ofizialaren” urtea 1457 kontsideratzen da. Urte hartan, Uesugi klaneko kide batek, Ota Dokanek, Edo gaztelua eraiki zuen; hala, gaztelua haren inguruei “Edo” deitzen hasi ziren. Mende bat beranduago, 1590ean hain zuzen ere, Tokugawa shogunatoak indarrean hartu zuen gaztelu hura; ordurako Japonia osoa bere kontrolpean zegoen ia eta horregatik izan zen hain garrantzitsua 1603an bere gobernua Edon ezarri izana. Orduantxe hasi zen Edo Aroa japoniar historiaren barnean. Hala eta guztiz ere, Kiotok jarraitu zuen hiriburu ofiziala izaten, noblezia eta enperadorea han gelditu baitziren; baina kontu hau protokolozkoa zen erabat.


Edo Gaztelua


Ota Dokan irudikatua ageri den marrazki bat


Hurrengo urte eta mendeetan zehar, hondamendia ugari gertatu ziren Edon, hala nola, Sute Handia (1657), Fuji Mendiaren erupzioa (1707), Edo Handiko Lurrikara (1855) eta beste zenbait lurrikara txiki (1703, 1782, 1812).

Shogunatoa gainbehera urteetan murgildurik zebilen XIX. mendearen erdialdean. Aro hartan, 1868an, Meiji Errestaurazioa zela eta, enperadoreak Edoko Gaztelura pasarazi zuen bere egoitza eta hori zela eta, Japoniako Jauregi Inperiala bihurtu zuen. Momentu hartan egin zuen toki haren izen aldaketa, eta Edo izena izatetik, “Tokio” izena izatera pasa zen; izen berri honek “ekialdeko hiriburu” esan nahi zuen. Nolanahi ere, enperadoreak ez zuen modu legal batean ezarri hiriburu berria zenik, eta horrexegatik uste da garai hartan oraindik ere Kioto zela hiriburu ofiziala edota “hiriburu-kidea” behintzat. 1871an feudoan guztiak deuseztatu zituzten eta prefekturak ezarri, hala nola, Tokioko Prefektura; azken hau, hurrengo urtean inguruko guneetara hedatu zen, gaur egun 23 Auzo Bereziek bereganatzen duten gune horretara, hain zuzen ere.


1840an halaxe zen Tokioko mapa


Fuji Mendiaren gaur egungo itxura


1872an hasi ziren lehen trenbidea eraikitzen eta 1885 eta 1925 urteen arteko tarte hartan egin zuten Yamanote Bidea, gaur egun Tokio hiribiderik garrantzitsuena.Tokioko Hiria 1889an ezarri bazen ere, 1914 urtera arte ez zen lehenbiziko geltokia inauguratu; 1927an, berriz, lurrazpiko lehen metroa inauguratu zuten, Ginza Bidean zehar zebilena.

Yamanote Bidean trenak egiten duen ibilbidearen zati bat

Baina Tokio (eta Japonia osoa ere) lurrikara jasateko oso toki makal eta “egokian” dago, eta arrazoi horrengatik hondamendia ugari gertatu dira, halabeharrez. Hala, 1923an Kantoko Lurrikara Handiak hiria astindu zuen eta 143.000 pertsona bertan hil ziren, gutxi gorabehera. Tragedia horren ondoren berreraikitze plan bat martxan jarri bazuten ere, bertan behera utzi behar izan zuten geroago, oso kostu altuak baitzituen. Hala eta guztiz ere, Tokiok bere garapenarekin jarraitu zuen II. Mundu Gerraren hasierara arte.


1923ko lurrikararen ondorioak Poliziaren Bulego Metropolitanoan


1943an, Tokioko hiriak eta prefekturak bat egin zuten eta, hala, Tokioko Metropolia sortu zuten, gaur egun “Tokio” izenarekin soilik ere ezagutzen duguna. Garai hartan 35 auzoz osaturik zegoen eta handik aurrera ez zen Japonian Tokio izeneko beste hiririk existitu.

II. Mundu Gerran, 1942 eta 1945v urteen artean, Japoniako hiriburuak bonbardaketa ugari jasan zituen, eta horren ondorioz, 1940ko biztanle kopurua erdiraino murriztu zen 1945erako. Gerra amaitu zenean, Aliatuek Tokio militarki hartu eta euren boterepean ezarri zuten; okupazioaren arduradunek gaur egun DN Tower 21 bezala ezagutzen den eraikinean ezarri zuten euren egoitza, Jauregi Inperialaren pare-parean. XX. mendeko bigarren erdialdean, ostera, EE.BBek Korea eta Vietnamgo gerretan zehar gune logistiko bezala erabili zuten.


Hiriaren itxura 1945an, gerra amaitzean


DN Tower 21


Tokiok, lehen munduko hiriburu garrantzitsu gehienek bezala, “mirari ekonomikoa” izan zuen XX. mendean; konkretuki, 1950 eta 1960ko hamarkadetan zehar: metro-bide berriak sortu ziren (Marunouchi Lerroa 1954an eta Hibiya Lerroa 1961ean), Tokioko Dorrea eraiki zuten 1958an eta lehen Shinkasen bidea inauguratu zuten 1964, besteak beste; gainera, urte hartan ere Joko Olinpikoak ospatu zituzten hirian bertan. Oparotasun horri esker, Japonia, gerrak suntsitutako herrialde izatetik munduko 2. ekonomia izatera pasa zen 20 urtetan, eta azpiegiturei eta manufaktura-industriei eman zieten garrantzia gehien. Hona hemen Joko Olinpikoetako hainbat irudi, oparotasun garaiaren alde egiten zuen gertakari bat irudikatzeko:







Hiria izugarri hazi zen hurrengo urteetan zehar hedapenari dagokionez. Gainera, 1970ko hamarkadan zehar migrazio izugarria egon zen Japonian hirietarantz, eta Tokiorantz bereziki. 1965ean munduko hiri jendetsuena bihurtu zen eta biztanleria handi hark ekonomia-burbuilan izan zuen eratortzea, zeina 1986an hasi zen, 1990ean eztanda egin bazuen ere. Egoera horrek atzerabidea ernaldu zuen eta hamarkada horretan zehar iraun zuen, zeina “Galdutako Hamarkada” bezala ezagutu zuten.

1995eko martxoaren 20an eraso terrorista bat ekin zuten Aum Shinrikyo kultuko kideek (zeinak "Egia supremoa" esan nahi duen) lurrazpiko trenen sisteman eta 12 hildako eragin zituzten; horretaz gain, milaka pertsonek Sarin gas nerbiosoaren eraginak jasan zituzten.


"Egia Supremoa" sektako liderra


Satin gasarekin kutsatutako jendea


Erasoaren ondorioko irudietako bat


Polizia metroko kutsadura desagerrarazten


Liderra atxilotu berritan


Gertakizun triste hauek gora behera, Tokiok handitzen jarraitu zuen: Tokioko Gobernazio Metropolitanoaren Eraikina (1991) eta Rainbow Bridge (1993) eraiki zituzten, besteak beste. Honi esker, Tokio munduko hiri dinamikoenetako bat da eta ekintza sozial eta ekonomiko zabalaz gozatzeko aukera dago bertan. Gainera, inbertsioek izandako booma ondorio bezala, Londres eta New Yorkek baino eraikin moderno gehiago ditu. Hiriaren proiektu berrienetakoak hauexek dira: Ebisu Lorategia, Tennozu Irla, Shiodome, Roppngi Hills eta Shinagawa.


Ebisu lorategiaren inguruak


Tennozu irla


Roppongi Hillseko kale bat gabonetarako apaindu berritan


Shinagawa


Historia hau ezagutzeari esker, Tokioren modernotasunaren zergatia ulertzeko aukera izan dugu, baita hiriaren sorrera jakitekoa ere. Beti esan ohi dugun lez, orainaldia ulertzeko lehenaldiaren berri izatea ezinbestekoa da.

Beste bat arte!

Cesar eta Uxue

domingo, 1 de noviembre de 2009

Beijingen historia: hiriburu izan edo ez izatearen yo-yoa

Beijing, Txinako beste edozein lekuk bezala, historia zabal eta anitza dauka; kultura eta herri ezberdinetako kideak pasa dira bertatik eta, beraz, esku ezberdinen kontrolpean hazi izan da. Gertakari askoren lekuko izan da baita ere; horietako batzuk historia ofizialaren zati bihurtu dira; beste batzuk, ordea, mendebaldeko kulturak ezarritako historia ofizial horretatik at geratu dira.

Gaur egun, Txinako hiriburua 8 hiri-barrutiz osatuta dago, eta beste 8k udaletik gertu, kanpoaldean zehazki, dauden guneak hartzen dituzte. Baina horren eremu zabala ezartzeko, pausu ugari eman behar izan dira.



Eremu hartan giza kokalekuak bazeudela antzemateko lehen zantzuak gutxienez K.a 1000. urtekoak dira. “Erreinu gudularien” garaian, gaur egungo Beijing-en kokalekutik gertu zegoen Ji hiria izan zen Yan estatuaren hiriburu, garai haietako estatu txinatarretako bat izanik. Baina Ji bertan behera utzi zuten K.o VI. mendean, eta kokaleku zehatza jakitea ezinezkoa da.

Ondoren, dinastia handien kontrolpean egon zen herrialdea; haietako batzuk Tang eta Song izan ziren. Urte haietan, herrixka txikiak zeuden soilik lur-eremu horretan eta aipatutako bigarren dinastiaren garaian (X. mendean), honek Txina iparraldeko lurralde zabal bat galdu zuen, lurralde-eremu horretan Beijing ere koka dezakegularik. Lurralde horiek Liao dinastiaren esku geratu ziren konkisten ondorioz. Hiriburu berri bat sortu zuten hirian bertan: Nanjing, “hegoaldeko hiriburua”. Geroago, Jin dinastiak Liao eta iparraldeko lurraldeak berreskuratu zituenean, izen berria jarri zion bigarren hiriburu horri: Zhongdu, edo “hiriburu nagusia”.

Song dinastiaren garaia errepresentatzen duen margolana

Mongoliarrek ere izan zuten inguru hura konkistatzeko aukera. Hori gertatu zenean, Yuan dinastia eratu zuten; hala, Zhongdu txikitu egin zuten 1215ean, baina ondoren berreraikitzeko erabakia hartu zuten eta “Hiriburu Handia” bezala izendatzea hautatu zuten. Hiri berri hau Jin-en jatorrizko kokalekutik iparraldera ezarri zen, eta hau kontsideratzen da gaur egungo Beijing-en benetako sorrera. Marco Polok “Cambaluc” deitzen zion bere idazkietan; Kublai Kan izan zen garai hartako Yuan dinastiaren lehen enperadorea, eta Mongolian zeukan botere-ardatzetik gertuago zegoelako ezarri zuen Beijing-en hiriburua. Hori dela eta, iparraldeko mugatik oso gertu bazegoen ere, Beijing oso garrantzitsu bihurtu zen Txina osoan zehar.

Marco Poloren idazkietan dagoen "Cambaluc-i" buruzko irudikapena

Baina mongoliarren botereak ez zuen betiko iraun: horren ezagun dugun Ming dinastiak irabazi zuen bien arteko norgehiagoka. Boterean egon berritan, Nankinen ezarri zuen dinastia honek hiriburua, baina 1403 Yonglè enperadoreak Beijingen berrezarri zuen berriz ere.

Hongzhi, Ming dinastiako enperadoreetako bat

Hurrengo urteetan hiriaren sinbolo bihurtu diren leku eta eraikin ugari eraki ziren: 1406 eta 1420 bitartean, “Hiri Debekatua”; hau amaitu zuten urtean, “Zeruaren tenplua” eta Tiannanmeneko Atea, azkenik, 1651an, bi aldiz erre ostean.

Tiannanmengo Atea

1912an dinastien garaia amaitu zen Txinan eta Txinatar Errepublika sortu zen. Beijing-en, berriz ere, hiriburutartasuna galdu zuen eta Nankinek jaso zuen ezaugarri hura, beste behin.

II. Mundu Gerran, txinatar eta japoniarren arteko II. Gerra gertatu zen eta azken honek lehena okupatu zuen 1937ko uztailaren 29an. Izan ere, II. Mundu Gerraren barnean kokatzen badugu ere, lehenago hasi zen. Okupazioak iraun bitartean, Beijing izan zen Txina iparraldeko gobernu komitearen hiriburu. Egoera honek (okupazioarenak, hain zuzen ere) 1945eko abuztuak 15arte iraun zuen.

Ondorengo urteetan Txinak gerra zibil bat jasan zuen. Egoera horren barnean, indar komunistak Beijingen sartu ziren era baketsu batean 1949an eta urte hartako urrian, Mao Zedongek Herritarren txinatar Errepublika aldarrikatu zuen Tiannanmen Plazan, horren garrantzitsu bihurtu den horretan.



Gaur egungo egoerari erreferentzia eginez gero, herri-gunea izugarri hedatu dela esan dezakegu, azken urteetan Deng Xiaopingek egindako eraldaketa ekonomikoak direla medio: Guomao gune komertzial bihurtu da, Wangfujing eta Xidan erosketa barruti eta Zhongguancun, berriz, txinatar elektronikaren gune.

Wangfujing

Aldaketa ugari egon badira ere, hiria sortu zenetik era batera edo bestera hiriburu izan da Beijing ia beti, eta hala izanik, protesta eta gertakari politikoen lekuko izan da, eta are gehiago XX. mendean, jendea jada bere eskubideez kontziente izaten hasi zenean. Hauek dira gertakari horietako batzuk:

  • 1919ko maiatzaren 4ko protestak: hauen ondorioz, Maiatzaren Lauko Mugimendua sortu zen.

  • Herritar Errepublikaren aldarrikapena, 1949ko urriaren 1ean

  • 1976ko Tiannanmengo gertaerak: protesta ugari jazo ziren Zhou Enlai lehen ministro hila gogoratzeko.

  • 1989ko Tiannanmen Plazako protestak: protesta hauek bertan behera utzi nahi izan zituen armadak indarkeria erabiliz, eta gertakari hau bihurtu izan da Txinatar Errepublikaren historiako ekintza eztabaidatuena.





Azken urteetan, beraz, aldaketa ugari egon dira, aurretik aipatu bezala, eta horietako beste bat hirigintza-prozesu azkarra izan da- Hori dela eta, ondorio argi batzuk suma daitezke Beijingen, hala nola, gehiegizko zirkulazioaren arazoa, airearen poluzioa, ondare historikoaren suntsiketa eta etorkin ugariren etorrera Txinako beste zenbait puntutatik.



Amaitzeko, mundu mailan oso garrantzitsu eta ezaguna den gertakari baten azalpena emango dugu. Izan ere, 2008an Joko Olinpikoak ospatu ziren eta oso ezagun bilakatu ziren hauen sorreratik izandako Joko hoberenak eta egituratuenak izateagatik.

"Nido de Pájaro" deituriko estadioa, Joko Olinpikoen egoitza nagusia

Hauxe izan da gaurko sarreraren edukia. Zenbait momentutan Bejingi buruzko informazioa eman partez, herrialde mailako datuak argitaratu ditugu, baina hau hiriaren egoera hobeto ulertzeko asmoarekin egin dugu.

Beste bat arte!

Cesar eta Uxue