domingo, 3 de enero de 2010

Konkista eta oparoaldiak tartekaturiko historia

Urte berri honetako lehen sarreran Milani buruzko informazioa ematen jarraituko dugu. Bere sorrera eta historiari buruz mintzatzea dagokigu, blog hau jarraitzen duzuenok jada dakizuen bezala, betiko dinamikari eutsiko baitiogu 2010ean ere.

Milanek, inguru horretako beste herri eta hiriek bezala, aspaldiko jatorria dauka. Antzina sortua izan zen; gaur egungo Italiako iparraldean kokatuko liratekeen zeltek jaso zuten K.a. 600 urtean eta, ondoren, erromatarrek konkistatu zuten K.a. 222 urtean, gutxi gorabehera. Azken hauek, Mediolanum izena eman zioten.

Garaiko mapa


Teodosio I.a

IV. mendean, hiri hau Mendebaldeko Inperio erromatarreko hiriburu bihurtu zen epealdi motz batez; Milango Anbrosio apezpikuaren eta Teodosio I enperadorearen garaiak ziren haiek. Baina 450 urtean hunoek Milan arpilatu zuten eta honek bere egoera guztiz aldaraztea eragin zuen.

Anbrosio jenerala

Mendebaldeko Inperio erromatarraren erortzeak Antzina Aroari amaiera eman zion, eta Erdi Aroa hasi zen. Hau gertatu bitartean, herulo eta ostrogodoek Milan okupatu zuten, Italia guztia bezala. Gainera, Milan inguruko eskualdeak Italiako ostrogodoen asentamenduen kontzentrazio nagusia izan zuen. 539an bizantziar eta ostrogodoen arteko Gerra Gotikoak gertatzen ari ziren; guda horien tartean, Uraia buruzagi ostrogodoak hiriak arpilatu zuen. Baina hori ez zen nahikoa izan, eta, horretaz gain, bertako biztanleak garbitu eta esklabotu zituen eta hiriko harresiak ere guztiz suntsituta gelditu ziren.

Guzti honen ondoren, azkenik, Narses jeneral bizantziarrak hiria hartu zuen eta berreraikitzea lortu zuen, antzinako ospea berrezartzea lortu ez bazuen ere. 569an, aldiz, lonbardiarrek konkistatu zuten eta bertan gelditu ziren 774 arte; urte hartan, Carlomagnoren boterepean gelditu zen.


Ostrogodoen erasoen irudikapen bat


Narses jenerala

Hala ere, VIII. mendean Milanek antzinako oparotasuna berreskuratzea lortu zuen. Garai haietan artzapezpikuek gobernatzen zuten hiria, beranduago boterea galduz joan baziren ere, botere hori nobleek eskuratzeko. Azken hauei esker, Milan garrantzitsua eta aberatsa bihurtu zen XI. mendean. Baina 1162an zorigaitza iritsi zen berriz ere, Federico I Barbarrojak hondatu egin baitzuen. Egoera honek, baina, ez zuen gehiegi iraun, 1176an Milan errekuperatu egin baitzen eta garaitu egin baitzion enperadore honi Legnanoko batailan. Hala, oparoaldi berri bati ekin zion hiriak.

1277 eta 1447 bitartean, Visconti familiaren boterepean igaro zituen egunak. XIV. mendean, izurri beltza Europan zehar hedatu zen, baina Milan epidemia jasan ez zuen kontinenteko toki bakarrenetakoa izan zen. Egoera honek zergati oso argi bat dauka: apezpikuak gaixotasunak eragin zuen lehen hiru etxeak horma-tartekatzeko agindu zuen; hala, hildakoak, gaixoak eta osasuntsu zeudenak barruan harrapaturik gelditu ziren, inolako bereizketarik gabe, baina gaixotasuna ez zen hedatu. Hiriaren goraldi handiena Gian Galeazzo Viscontik lortu zuen; berau izan zen Milango dukea 1351 eta 1401 bitartean.

Izurrite beltzak oso ondorio krudelak ekarri zituen Europan zehar


Gian Galeazzo Visconti dukea

Berpizkunde garaian zehar, Milan Visconti eta Sforza familiek gobernatu zuten; lehenek 1447 arte izan zuten boterea eta bigarrenek, berriz, 1450tik aurrera. Familia hauek Leonardo da Vinci eta Bramante bezalako artistak zituen euren zerbitzupean.

XV. mendean, Francisco I errege frantziarrak konkistatu zuen. Baina frantsesek Paviako bataila galdu zuten 1525ean eta, orduan, espainiarrek hartu zuten euren kontrolpean, Carlos V.a boterean zegoelarik. Espainiarrek 1713 arte izan zuten hiri honen kontrola. Baina urte hartan, Utrechteko hitzarmena sinatu zen eta, hori zela eta, Austriak lortu zuen hiriaren jabetza.

Paviako bataila


Utrechteko itunak sortutako mapa

Mende horren amaieran gertatutako Iraultza Frantsesak eragin handia izan zuen Europa osoan zehar. Hori gertatu ondoren, XIX. mendean, Napoleonek okupatu zuen Milan. Urte batzuk geroago, hiria italiar nazionalismoaren gune nagusietako bat bihurtu zen eta Italiaren independentzia eta batasuna aldarrikatu zuten bertatik. 1859an, Austriak Piamonte-Sardinia erreinuari eman zion beronen kontrola eta erreinu, bi urte geroago, Italiako erreinua bihurtu zen.

Italiar batasuna

XX. mendean, Italiako historiaren gunea izan zen Milan; 1906an Erakusketa Unibertsalaren egoitza izan zen.

Sozialismoaren sinbolo ere bihurtu zen; izan ere, L’Avanti egunkariak (Italiako Alderdi Sozialistaren dibulgazio-gunea zenak) bertan ezarri zuen bere egoitza, besteak beste. Baina guzti honi kontrajarriz, Milan ere mugimendu faxistaren sorlekua izan zen: Movimento dei Fascí di Combattimento izan zen bere izena. Gainera, mugimendu faxistaren lehen programa Piazza San Sepolcron izan zen.

Erresistentziaren ikur-hiria ere izan zen; izan ere, 1945eko apirilaren 25ean altxamendu orokor partisanoa gertatu zen bertan, eta horrek hiriaren askapena ekarri zuen. Hori dela eta ospatzen da gaur egun apirilaren 25ean Askapen Eguna Italian. II. Mundu Gerraren ondoren, gainera, herrialdearen berreraikitze industrial eta kulturalari izugarri lagundu zion. Urte batzuk geroago, 1968an, bertan egin ziren 68’ italiarreko topaketarik handienak.

Faxisten lehen ekitaldia, Piazza San Sepolcron


Partisanoen altxamenduko irudietako bat

Mende honen azken laurdenean, zorionez edo zoritxarrez, politika italiarraren gunea izan zen Milan: Milango PSIko (Italiako Alderdi Sozialistako) klase gidaria Italiako gobernuan sartu zen, Tangentopoliren eskandalua gertatu zen, eta geroago Silvio Berlusconi enpresari milandarra boterera igo zen, erdi-eskuineko koalizio bati esker.

Esateko ugari sortu ditu Milango historiak, baina gertatutako guztia gertatzeak sorrarazi du Milan gaur egun den bezalakoa izatea: nazioarte mailan, industria eta merkataritza-gune garrantzitsua da eta, horretaz gain, Italiako barruti ekonomiko eta finantza-hiriburua da, hirugarren mailako zerbitzu, finantza, moda, editoria eta industriari esker. Gainera, burtsa-baloreen egoitza bertan dago, Piazza Affarin, eta Borsa Italianak kudeatzen du; Europako finantza-gune garrantzitsuenetako bat da eta erakargarritasun handia dauka, hainbat multinazionalen egoitza administratiboak direla eta.

Silvio Berlusconik gaur egun ere boterean jarraitzen du


Borsa italianak Piazza Affarin daukan egoitza

Dena ez da, ordea, ekonomiarekin lotutako oparotasuna Milanen; Europako unibertsitate, editorial eta telebista-gune handienetako bat ere bada. Milango Azokaren egoitza ere (bere izenagatik suposa dezakegun bezala) bertan dago, eta honek Europar Batasuneko erakusketa-azalera handiena dauka.

Milango azoka

Garraiobide publikoari dagokionez, Italiako sare garrantzitsuenetako bat dauka, metroko 3 ibilbide eta autobus eta tranbietako beste 140 baitauzka.

Tranbiak 1928an eginikoak dira, baina gaur egun ere martxan jarraitzen dute

Halakoxea izan da beraz, Milan, iraganean eta halakoxea bihurtu da gaur egun. Erakargarria egiten al zaizue?

Beste bat arte!

Cesar eta Uxue

No hay comentarios:

Publicar un comentario