jueves, 31 de diciembre de 2009

Milan: aberastasunak, garapenak eta arteak bat egiten duten hiria

2009 urteari amaiera emateko ez dugu oso bidaia luzea egingo, ez aurreko asteko norakotik, ezta bizi garen lekutik ere (aurretik eginiko bidaia birtual batzuekin alderatuta, noski). Aste honetan, Milanera egingo dugu bidaia. Hiri hau Italia iparraldeko hiri nagusia dugu, baita herrialdeko bigarren populatuena ere, Erroma baita biztanle gehien dituena.



Milan izen berbera duen probintziako eta Lonbardia eskualdeko hiriburua da. Padua lautadan dago kokatuta, Italiako eskualde garatuenetako batean.

Milanen jatorri etimologikoa aspalditik dator. Zeltek Médelhan izenaz ezagutzen zuten eta, hori dela eta, erromatarrek Mediolanum izena jarri zioten latinez; hitz honek “laua denaren erdian” esan nahi du. Esanahi honekin, hiria lautada baten erdian kokatuta egoteari egiten dio erreferentzia. Izendapen honetatik eratorri zen gaur egungo Milan izena.

Hiri garatu eta aberats hau, beraz, turismoa egiteko leku aproposa dela esan dezakegu. Has dezagun bidaia birtual hau. Lehenik eta behin, hiri honen sinbolo nagusia bisitatu beharko genuke: Duomoa, Milango katedrala. Estilo gotiko eta fatxada neogotikoa duen eraikin hau oso ezaguna egin da azken egunetan, honen plastikozko kopia batekin jo baitzuten Silvio Berlusconi, Italiako lehen ministroa. Baina katedral honen jatorria askoz ere lehenagokoa da: eraikuntzak 5 mende iraun zituen, 1387 urtean hasi zutelarik. Munduko hirugarren eliza handiena da, hedapenari dagokionez; bere aurretik Erromako San Pedro eliza eta Londreseko San Pablo daude soilik.






Katedrala kokatuta dagoen plaza berdinean beste zenbait eraikuntza esanguratsu aurki ditzakegu; hala nola, Koranduriaren Jauregia (antzinako palazzo della Ragione deiturikoen adibide garbia), Broletto Nuovo, Logia de los Osii, Eskola Palatinen Jauregia eta Panigarola familiaren etxea.

Broletto Nuovo


Eskola Palatinen jauregia

Katedralaren ondoan ere Vittorio Emanuele galeriak daude. Berauek kristalezko kupulez estalirik daude eta kupula hauek gurutze latindarraren forma daukate. Galeria hauetan hiriko kafetegi eta denda ezagunenetako batzuk daude. XIX. mendeko bigarren erdialdean proiektatu zuten, Giuseppe Mengoniren eskutik.



Galerien bestaldean, Piazza della Scala dago kokatuta. Milango Erdi Aroaren proba isila da hau. Eta plaza honetan, noski, berari izena eman zion Teatro alla Scala ikus dezakegu. Munduko opera antzezleku handiena da hau, baita munduko eta Italiako lirikaren tenplua ere. Bertan herrialdeko opera musikagile nagusien antzezlanez gozatzeko aukera izan zuten: Verdi, Puccini, Rossini, Donizetti, Bellini eta Toscaniniren obrez, besteak beste. Opera hau 1778an eraiki zuten eta Antonio Salieri artistaren “L’Europa Riconosciuta” obrak estreinatu zuen.


Scalaren irudi batzuk, bai kanpotik eta bai barrutik

Eraikinez gain, badaude kale batzuk beren kabuz ezagunak eta bisitatu beharrekoak direnak. Horren adibide garbi dira via Manzoni, via Montenapoleone eta via del Gesù. Azken kale honetan Bagatti Valsecchi museoa dago, Lonbardiako Cinquecentoko jauregien errepresentazioa den etxe-museoa. Eraikin hau Italiako berpizkundeko objektu eta altzairuez dekoraturik dago.

Hasieran aipaturiko Duomoaz gain, badaude esanguratsuak diren beste eraikin erlijioso batzuk ere. Santa Maria de las Gracias eliza horietako bat dugu; 1463an hasi ziren berau eraikitzen eta 1492an eraldatu zuten. Eliza honetako pareta batean dago ezarrita Leonardo da Vinciren obra ezagunenetako bat: Azken afaria, hain zuzen ere. Eraikin honetaz gain, badago San Ambrosio basilika ere, San Ambrosio berak 386 urtean jaso zuena.

Santa Maria de las Gracias eliza


San Ambrosio basilika

Gaztelu edo jauregiren bat ere aipatu dugu aurretik, baina badaude ezagunak diren beste batzuk ere; Sforzesco gaztelua, adibidez. Visconti familia hasi zen hura eraikitzen XIV. mendeko bigarren erdian eta Francesco Sforza, Milango jauna izan zen eraikuntza honen jarraitzailea. Errege-gaztelua ere oso esanguratsua da. Mende askotan zehar hiriko gobernuaren egoitza izan zen; erregeorde asko bizi izan ziren han eta, gaur egun, kultura-gune garrantzitsua da, erakusketa eta esposizio ugariren egoitza baita.

Artearen egoitza eta sinbolo diren lekuak ere oso ugariak dira Milanen; eraikin ugari pintura obra ezagunez beterik daude: Pinacoteca di Brera, Pinakoteka anbrosiarra, Poldi Pezzoli museoa eta Musei del Castello-en galeriak, besteak beste. Pinacoteca di Brera 1809an inauguratu zuten eta eraikin berdinean Artearen akademia dago baita ere. Pinakoteka anbrosiarraren lehen nukleoa, berriz, Federico Borromeo artzapezpikuaren bilduma pribatua izan zen, XVII. mendean ezarritakoa. Azkenik, Poldi-Pezzoli museoari buruzko datuak kontatu behar ditugu: XIX. mendeko bigarren erdialdean sortu zuten eta Gian Giacomo Poldi Pezzolik nahi izanda egin zuten; honek, beranduago bere bilduma artistikoa utzi zion hiriari.

Sforzesco gaztelua


Pinacoteca di Brera

Beste museo batzuk ere aipa genitzake. Alde batetik, Bagatti Valsecchi (aurretik ere esandakoa); XIX. mendeko etxe honek garaiko itxura mantendu du eta etxe honen jabeek mende horretako erosotasunak zituzten. Bestalde, historia naturalaren museoa ere badago Milanen; bertan, mineralen, hondakin fosilen, landareen eta animalien bilduma garrantzitsuak ikus ditzakegu.

Bisita turistiko honi amaiera emateko, eta hiri hau, Italia bera bezala, erlijioan nahiko barneratuta egonik, beronekin erlazionaturiko toki bat ezagutuko dugu: Cimitero Monumentale deiturikoa. 250.000 metro karratu dituen hilerri bat da; 1863 eta 1875 bitartean eraiki zen eta Milango jende ospetsu ugari daude bertan lurperatuta. Eta zergatik bisitatu beharko genuke, bada, hilerri hori, beste hainbat ere egonda? Bere berezitasun eta ikusgarritasunagatik, alegia.





Gaurkoz nahikoa egin dugu. Amaitu da urte zaharreko bidaia txiki hau. Datorren urtean amaituko ditugu opor hauek.

Hurrenarte eta Urteberri on!

Cesar eta Uxue

No hay comentarios:

Publicar un comentario