jueves, 3 de diciembre de 2009

Nairobi: natura basatiaren eta hezkuntza aberatsaren arteko fusioa

Nairobi. Hauxe da aste honetako bidaia berrirako aukera. Afrikako hiririk aberatsenetakoa dugu (bai ekonomikoki, bai kulturalki). Hala ere, garapen bideko herrialdeetako hiri gehienetan gertatu ohi den lez, kontrasteak oso nabarmenak dira. Ikus dezagun, beraz, nolakoa den Keniako hiriburua.

Hiriburu izateaz gain, Keniako hiririk handiena ere bada. Bere izena “Enkare Nyorobi” esaldi masaitik dator, zeinak “ur freskoa duen lekua” esan nahi duen. Hala ere, ezagunagoa da “Eguzkipean Berdea den Hiria” izenarekin.



Hiria Nairobi ibaiaren ertzean dago, Keniako hegoaldean eta itsaso mailatik 1661 metrora. Horretaz gain, Afrika Ekialdeko populatuena da, hirigunean 3-4 milioi pertsona bizi baitira. Gaur egun, Afrikako laugarren hiri handiena da. Politiko eta ekonomikoki ere kontinenteko hiri esanguratsuenetako bat da eta erakunde eta enpresa ugarik bertan du egoitza nagusia. Gune komertzial eta kultura garrantzitsu bat dela ere esan dezakegu.




Testuinguru labur hau ezarri ondoren, has gaitezke geure bisita turistikoarekin. Nairobi Keniako norako turistiko nagusia ez bada ere, badu erakargarritasun apur bat arlo honetan. Bertan dago Nairobiko Nazio Parkea, esaterako. Hiriburuaren mugakide da leku hau eta animali espezie ugariren habitata da, hala nola, lehoi eta jirafena; baina badago, ordea, salbuespen bat: elefantea. Izan ere, animalia honek inguru ireki eta zabaletan bizitzeko beharra du. 400 hegazti mota ere badaude. Parke hau alde batera utzita, badago beste bat ere, Uhuru Parkea delako; berau Nairobiko negozio-guneari itsatsita dago.





Hiri honetan museo ugari daude; Keniako Herri Museoa, esaterako, hiriko handiena dugu. Bertan Aro Prehistorikoko tresna-bilduma zabalaz goza dezakegu, baita homo erectus gizonezko baten hondar guztiak ere. Badaude beste museo garrantzitsu batzuk; esaterako, Nairobiko Trenaren museoa edota Karen Blixenen etxea. Karenek “África mía” liburua idatzi zuen; liburu honetan oinarrituta dago “Memorias de África” filma. Bere etxea, beraz, museo bihurtu dute, eta XX. mende hasierako estetika kolonialean kontserbatu dute.

Keniako Herri Museoa


Karen Blixenen Etxea

Nairobi gune turistikoa da, aurretik esan bezala, Keniako garrantzitsuena ez bada ere. Beraz, hotel bat aurkitzeak ez du arazo bat suposatzen. 5 izarretako nahikoa daude, baina, agian, garrantzitsuenak, edo adierazgarrienak, safariez gozatzera datozen turistei zuzendutakoak lirateke. Horrexegatik izendatu dute zenbaitek Nairobi “munduko safarien hiriburu”.

Beste leku interesgarri eta aipagarriak Jomo Kenvattaren mausoleoa, Keniako Antzerki Nazionala eta Keniako Artxibo Nazionalak dira, inolako dudarik gabe. Badaude arte galeriak ere, eta horien artean Arte Modernoko Rahimtulla Museoa eta Mzizi Arte Gunea aipatuko genituzke.

Eremu fisiko eta turistiko esanguratsuenez mintzatu gara, jada, baina ez dugu hiri honen izaera kulturalari buruz batere hitz egin. Hiri kosmopolita eta multikulturala da Nairobi, benetan. Bere sorreratik, Erresuma Batuko ohitura eta ekintzen presentzia izugarria izan da, kolonia garaiko aginteak utzitako herentziagatik. Honen adibide garbi dira grafia ingelesa duten auzoak; Hurlingham eta Parklands, besteak beste.

Hurlingham auzoko etxe batzuk

Parklandseko behe-auzoak

Erlijioari dagokionez, eliza, meskita, tenplu eta gurdwara ugari daude. Adorazio-leku nagusiak hauexek dira: Familia Sakratuaren Katedrala, Santu Guztien Katedrala, Ismaili Jamat Khana Meskita eta Jamia Meskita.

Azkenik, gaurko sarrerarekin amaitzeko, hezkuntzari dagokion arloan zentratuko gara, jende askok herrialde azpigaratuetako hiriak ezjakintasunarekin eta primitibotasunarekin lotzen baititu, eta gu gaur mito hori deuseztatzen saiatuko gara, pixka bat baldin bada ere. Izan ere, Nairobin ospe handiko unibertsitate ugarik dute bere egoitza.

  • Nairobiko Unibertsitatea: Keniako zaharrena da. 1956an sortu zuten Ekialdeko Afrikako Unibertsitatearen zati bezala, baina independiente bihurtu zen 1970ean. Gaur egun, 22.000 ikaslek ikasten dute bertan.
  • Kenyatta Unibertsitatea: Nairobiko gunetik 23 km-tara dago kokatuta, 1000 akreko gune baten barnean. 1985ean ezarri zuten, Estatuarekin izandako borroka luze baten ondoren, zeina 1963an hasi zen.



  • Strathmore Unibertsitatea: 1961an hasi zuen bere ibilbidea, Advanced Level moduko eskola bat bezala. Kontabilitateko ikasleak onartzen hasi zen 1966ko martxotik aurrera, eta halaxe bihurtu zen unibertsitate. 1993an Strathmore Ikastetxeak eta Kianda Ikastetxeak bat egin zuten eta, hala, eraikinak lekuz aldatu zituzten.
  • EE.BBetako Nazioarteko Unibertsitatea: 1969an ezarri zuten unibertsitate honen kanpus bat Nairobin; izan ere, beronek kanpus ugari ditu mundu osoan zehar.
  • Daystar Unibertsitatea: Athi Riverren, Nairobiko hego-ekialdean, dago kokatuta eta kristau-liberala dela esan dezakegu.
  • Afrikako Unibertsitate Nazarenoa: Ongata Rongaien du unibertsitate honek kanpusa berez, hiritik hainbat kilometrotara. Unibertsitate pribatu bat da eta Nazioarteko Eliza Nazarenoak ematen dio diru-laguntza. Instituzio honen egiteko balore kristauetara bideratutako hezkuntza bat zabaltzea da.

Hauxe da gaurkoz idatziko duguna. Hiri honen sorrera eta historiari buruz mintzatuko gara hurrengo sarreran, jada jakingo duzuen bezala.



Hurrengora arte!

Cesar eta Uxue

No hay comentarios:

Publicar un comentario