Mostrando entradas con la etiqueta turismoa. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta turismoa. Mostrar todas las entradas

jueves, 31 de diciembre de 2009

Milan: aberastasunak, garapenak eta arteak bat egiten duten hiria

2009 urteari amaiera emateko ez dugu oso bidaia luzea egingo, ez aurreko asteko norakotik, ezta bizi garen lekutik ere (aurretik eginiko bidaia birtual batzuekin alderatuta, noski). Aste honetan, Milanera egingo dugu bidaia. Hiri hau Italia iparraldeko hiri nagusia dugu, baita herrialdeko bigarren populatuena ere, Erroma baita biztanle gehien dituena.



Milan izen berbera duen probintziako eta Lonbardia eskualdeko hiriburua da. Padua lautadan dago kokatuta, Italiako eskualde garatuenetako batean.

Milanen jatorri etimologikoa aspalditik dator. Zeltek Médelhan izenaz ezagutzen zuten eta, hori dela eta, erromatarrek Mediolanum izena jarri zioten latinez; hitz honek “laua denaren erdian” esan nahi du. Esanahi honekin, hiria lautada baten erdian kokatuta egoteari egiten dio erreferentzia. Izendapen honetatik eratorri zen gaur egungo Milan izena.

Hiri garatu eta aberats hau, beraz, turismoa egiteko leku aproposa dela esan dezakegu. Has dezagun bidaia birtual hau. Lehenik eta behin, hiri honen sinbolo nagusia bisitatu beharko genuke: Duomoa, Milango katedrala. Estilo gotiko eta fatxada neogotikoa duen eraikin hau oso ezaguna egin da azken egunetan, honen plastikozko kopia batekin jo baitzuten Silvio Berlusconi, Italiako lehen ministroa. Baina katedral honen jatorria askoz ere lehenagokoa da: eraikuntzak 5 mende iraun zituen, 1387 urtean hasi zutelarik. Munduko hirugarren eliza handiena da, hedapenari dagokionez; bere aurretik Erromako San Pedro eliza eta Londreseko San Pablo daude soilik.






Katedrala kokatuta dagoen plaza berdinean beste zenbait eraikuntza esanguratsu aurki ditzakegu; hala nola, Koranduriaren Jauregia (antzinako palazzo della Ragione deiturikoen adibide garbia), Broletto Nuovo, Logia de los Osii, Eskola Palatinen Jauregia eta Panigarola familiaren etxea.

Broletto Nuovo


Eskola Palatinen jauregia

Katedralaren ondoan ere Vittorio Emanuele galeriak daude. Berauek kristalezko kupulez estalirik daude eta kupula hauek gurutze latindarraren forma daukate. Galeria hauetan hiriko kafetegi eta denda ezagunenetako batzuk daude. XIX. mendeko bigarren erdialdean proiektatu zuten, Giuseppe Mengoniren eskutik.



Galerien bestaldean, Piazza della Scala dago kokatuta. Milango Erdi Aroaren proba isila da hau. Eta plaza honetan, noski, berari izena eman zion Teatro alla Scala ikus dezakegu. Munduko opera antzezleku handiena da hau, baita munduko eta Italiako lirikaren tenplua ere. Bertan herrialdeko opera musikagile nagusien antzezlanez gozatzeko aukera izan zuten: Verdi, Puccini, Rossini, Donizetti, Bellini eta Toscaniniren obrez, besteak beste. Opera hau 1778an eraiki zuten eta Antonio Salieri artistaren “L’Europa Riconosciuta” obrak estreinatu zuen.


Scalaren irudi batzuk, bai kanpotik eta bai barrutik

Eraikinez gain, badaude kale batzuk beren kabuz ezagunak eta bisitatu beharrekoak direnak. Horren adibide garbi dira via Manzoni, via Montenapoleone eta via del Gesù. Azken kale honetan Bagatti Valsecchi museoa dago, Lonbardiako Cinquecentoko jauregien errepresentazioa den etxe-museoa. Eraikin hau Italiako berpizkundeko objektu eta altzairuez dekoraturik dago.

Hasieran aipaturiko Duomoaz gain, badaude esanguratsuak diren beste eraikin erlijioso batzuk ere. Santa Maria de las Gracias eliza horietako bat dugu; 1463an hasi ziren berau eraikitzen eta 1492an eraldatu zuten. Eliza honetako pareta batean dago ezarrita Leonardo da Vinciren obra ezagunenetako bat: Azken afaria, hain zuzen ere. Eraikin honetaz gain, badago San Ambrosio basilika ere, San Ambrosio berak 386 urtean jaso zuena.

Santa Maria de las Gracias eliza


San Ambrosio basilika

Gaztelu edo jauregiren bat ere aipatu dugu aurretik, baina badaude ezagunak diren beste batzuk ere; Sforzesco gaztelua, adibidez. Visconti familia hasi zen hura eraikitzen XIV. mendeko bigarren erdian eta Francesco Sforza, Milango jauna izan zen eraikuntza honen jarraitzailea. Errege-gaztelua ere oso esanguratsua da. Mende askotan zehar hiriko gobernuaren egoitza izan zen; erregeorde asko bizi izan ziren han eta, gaur egun, kultura-gune garrantzitsua da, erakusketa eta esposizio ugariren egoitza baita.

Artearen egoitza eta sinbolo diren lekuak ere oso ugariak dira Milanen; eraikin ugari pintura obra ezagunez beterik daude: Pinacoteca di Brera, Pinakoteka anbrosiarra, Poldi Pezzoli museoa eta Musei del Castello-en galeriak, besteak beste. Pinacoteca di Brera 1809an inauguratu zuten eta eraikin berdinean Artearen akademia dago baita ere. Pinakoteka anbrosiarraren lehen nukleoa, berriz, Federico Borromeo artzapezpikuaren bilduma pribatua izan zen, XVII. mendean ezarritakoa. Azkenik, Poldi-Pezzoli museoari buruzko datuak kontatu behar ditugu: XIX. mendeko bigarren erdialdean sortu zuten eta Gian Giacomo Poldi Pezzolik nahi izanda egin zuten; honek, beranduago bere bilduma artistikoa utzi zion hiriari.

Sforzesco gaztelua


Pinacoteca di Brera

Beste museo batzuk ere aipa genitzake. Alde batetik, Bagatti Valsecchi (aurretik ere esandakoa); XIX. mendeko etxe honek garaiko itxura mantendu du eta etxe honen jabeek mende horretako erosotasunak zituzten. Bestalde, historia naturalaren museoa ere badago Milanen; bertan, mineralen, hondakin fosilen, landareen eta animalien bilduma garrantzitsuak ikus ditzakegu.

Bisita turistiko honi amaiera emateko, eta hiri hau, Italia bera bezala, erlijioan nahiko barneratuta egonik, beronekin erlazionaturiko toki bat ezagutuko dugu: Cimitero Monumentale deiturikoa. 250.000 metro karratu dituen hilerri bat da; 1863 eta 1875 bitartean eraiki zen eta Milango jende ospetsu ugari daude bertan lurperatuta. Eta zergatik bisitatu beharko genuke, bada, hilerri hori, beste hainbat ere egonda? Bere berezitasun eta ikusgarritasunagatik, alegia.





Gaurkoz nahikoa egin dugu. Amaitu da urte zaharreko bidaia txiki hau. Datorren urtean amaituko ditugu opor hauek.

Hurrenarte eta Urteberri on!

Cesar eta Uxue

miércoles, 16 de diciembre de 2009

Mexiko D.F. - Parkeak, koloniak eta etxe-orratzak

Wellingtonetik Ozeano Barea zeharkatu eta Amerikara goaz berriz ere aste honetako bidaiaz gozatzeko. Oraingoan, iparraldean geldituko gara, Mexiko Hiria. baita aukeraturikoa. Berau barruti federala eta Mexiko herrialdeko hiriburu eta botere federalen egoitza dugu. Horretaz gain, herrialdeko 32 entitate federatiboetako bat ere bada.


Barrutien mapa


Hiria Mexikoko gune politiko eta ekonomikoa da; aldi berean, munduko 9. metropoli populatuena dugu, eta Latindar Amerikako bigarrena, Sao Pauloren atzetik dagoelarik soilik. Mexiko Hiriaren gune metropolitarra munduko aberatsenen artean dago, 8.a baita: 315.000 milioi dolarreko PIBa dauka eta zifra hau bikoiztu egingo da 2020rako eta 7. posturaino eskalatuko du.

Alde ekonomikoa aldera batera utzita, guri interesatzen zaigunarekin hasiko gara orain; izan ere, prest gaude bisita turistiko birtualari ekiteko. Milaka leku eta eraikin bisita daitezke Mexiko D.F. bezalako hiri izugarri handi batean; beraz, ezin denbora galdu!




Parke eta basoak bisitatu beharreko ezinbesteko tokiak dira. Mexiko Hiria hauez inguraturik dago, eta haietako batzuk babesturiko erreserba natural ere badira. Kopuru eta babes maila handi honek eraikinekin kontraste handia egiten dute. Hauexek dira Mexiko Hiriko Gune Metropolitarraren parke eta baso nagusiak:
  • Tlalpan Basoa
  • Chapultepec Baso eta Zoologikoa: Latindar Amerikako handiena dugu.

Bertan dagoen laku bat

  • Koioteen Basoa
  • Izarraren Muinoa


  • “Lehoien Desertua” Parke Nazionala
  • Xochimilco Parkea
  • “Guadalupeko Lerroa” Parke Naturala



Aldi berean, inguruko parke eta baso handi hauez gain, parke, plaza eta lorategi ugari daude hiri osoan zehar, eta horietako bakoitzak aparteko edertasuna du.


Antzezleku eta entzulekuak oso famatuak dira ere. Nagusiena Entzuleku Nazionala da eta, edukiari dagokionez, Madison Square Gardenek soilik gainditzen du, Mexiko Hirikoan 15.000 entzule eser baitaitezke. Hala ere, badaude beste antzezleku garrantzitsu batzuk ere, hala nola, Arte Ederren Jauregia, Hiriko Antzerkia, Antzerki Metropolitarra eta Foro Sol delakoa.

Entzuleku Nazionala


Arte Ederren Jauregia

Leku “ofizialez” gain, badaude antzezleku esperimental eta edukiera txikiagoko entzulekuak ere; berauek antzerki-ikasleek eta eskolek erabiltzen dituzte. Definizio honen adibide garbi dugu El Granero Antzerkia, zeina Entzuleku Nazionalari bizkarra ematen kokatura dagoen. Aldi berean, oraindik ere gelditzen dira Gizarte Segurantzaren Institutu Mexikarrak babesten dituen hainbat antzerki. Beraz, ez da zaila hiriak munduko laugarren antzeztoki kopuru handiena duela sinestea.


Gustuko duguna kaleetan barrena paseatzea baldin bada, turismoarekiko erakargarritasuna duten auzoei erreparatu beharko diegu. Asko dira interesa pizten dutenak, besteak beste, honako hauek:
  • Mexiko Hiriko Gune Historikoa
  • Condesa Kolonia: artista plastiko ugari bizi dira, baita zineman eta telebistan lan egiten duten pertsonak ere. Gainera, jatetxe eta taberna ugari aurki daitezke bertan.


"Condesa" eta "Erroma" kolonien arteko mugan dago hau
  • Erroma Kolonia: hiriko zaharrenetako bat da. Bertan, estilo zaharreko etxeak eta parke eta plaza ugarirekin egin dezakegu topo. Hala ere, kolonia hau da 1985eko lurrikara gehien ukitu zuenetako bat eta, horrexegatik, berezko eraikuntzetako asko beste eraikin batzuengatik ordezkatu zituzten.



  • Polanco Kolonia: Kaliforniako estilo koloniala dauka eta 20. hamarkadan ezarri zen hirian.
  • Coyoacan: kulturarekin erlazionaturiko auzo bat da, inondik inora, baita erakargarrienetako bat ere, bai bertako turistentzat, baita kanpotarrentzat ere. Ezaugarri erabat kolonialak ditu eta Hernan Cortesek bertan izan zuen bere etxeetako bat. Hiriko museo garrantzitsuetako askok ere bertan dute egoitza. Horretaz gain, Frida Kahlo, Leon Trotsky eta Diego Rivera bezalako pertsonaiak ere bertan bizi izan ziren, besteak beste.


  • San Angel: auzo koloniala dugu hau ere. Hiriaren hegoaldean dago kokatuta, Hiri Unibertsitariotik oso gertu.
  • Tlalpango gune historikoa: ekitaldi kultural ugariren aurkezpenez goza dezakegu auzo kolonial honetako museo eta plazetan.
  • Villa de Guadalupe: auzo erlijioso nagusia da. Urtero, abenduaren 12an, Guadalupe Ama Birjinaren urteurreneko festa nagusiak ospatzen dira. Ama Birjina hau Mexikon bero eta gar gehien sortzen duen irudi katolikoa izateak auzo honen erlijiotasun maila imajinatzeko balio digu.



  • Eremu Arrosa: aspaldi, arte eta kulturari emandako auzoa zen batez ere baina, gaur egun, komertzioan finkatzen ditu bere ekintza gehienak. Gainera, gazteei zuzenduriko taberna eta diskoteka ugari daude eta LGBT komunitateko kide ugarik auzo hau dute elkargune.
  • Santa Fe: hasiera batean, zabortegiak zeuden bertan kokatua. Gaur egun, ordea, bulego eraikuntza modernoenak bertan daude eta horrek beste eremu tradizionalagoekin kontrastatzen duenez, bisitariak beste hiri batean dagoela senti dezake.
  • Tepito auzoa: bertako leku esanguratsuena “Mercado de pulgas” delakoa dugu. Bertan edozein gauza zahar eta erabiliak aurki ditzakegu, eta oso prezio ezberdinetan gainera, hala nola, arropa, altzariak, diskoak, liburuak, aldizkariak, egunkariak… Ekintza ugari gauzatzen ditu auzo honetan poliziak; alde batetik, droga trafikoagatik eta, bestetik, polizia korporazioak daukan ustelkeriagatik. Bi ezaugarri hauek ez diote azken urteotan oso itxura atsegina ezarri baina, hala ere, turismoarentzat erakargarria da oso.


  • Tacubaya auzoa: zaharrenetako bat da eta hiriaren mendebaldean dago. Auzo honetan Kartografiaren Museo Nazionala eta Bolaren Etxea Museoa daude.
  • Santa Maria la Rivera: Mexiko D.F.-ko kolonia tradizional bat da. Hiriaren lehen zatiketa modernotzat dute asko, bere berezko itxura hausten baitu. 1861az geroztik hasi zen sortzen. Bertako zumardi edo pasealekua duela gutxi berritu zuten eta Kiosko Moriskoa bertan dago.

Bertako kiosko moriskoa


Hirira iritsi berritan bere beste ezaugarri esanguratsu batez jabetuko gara segituan: etxe-orratzez beterik dago. XX. mendearen hasieran bertan bizi ahal izateko 50 metro baino gehiagoko etxeak eraikitzen hasi ziren. Lehena La Nacional Eraikuntza izan zen; 55 metro ditu eta 13 pisuz osatua dago. 1930tik 1932ra bitartean eraiki zen eta Mexikoko altuena izan zen, ahalik eta 1945ean El Moro Eraikuntza amaitu zuten arte.

Oraindik bere horretan dauden eraikuntza esanguratsuenetako bat, beraz, El Moro dugu. Erreforma Pasealekuan dago, 70 metro ditu eta 20 pisuz osatuta dago. Eraiki zutenean, 1946an, Latindar Amerikako gisa horretako altu eta modernoenetakoa zen, aitzindaria izan baitzen, teknologia sismikoa erabili zuelako. Gainera Amerikako alde honetan gas neoiez eginiko lehen kartela izan zuen bere baitan.


"La Nacional"


"El Moro"


Beste eraikin esanguratsu bat UNAMeko Liburutegi Zentrala dugu, arkitektura ezberdina baitauka. 14 pisuk osatzen dute eta 1953an amaitu bazuten ere, ez zen 1955 arte martxan jarri. Modernismo urteak hoberen irudikatzen dituen eraikina dugu eta horrexegatik proposatu zen 2006an Unescon Gizadiaren Ondare izendatzea; onartua izan zen proposamen hau.



Gaur egun, Dorre Nagusia da hiriko, Mexikoko, Latindar Amerikako eta baita Iberoamerikako etxe-orratz altuena: 225,6 metroz osatuta dago eta 55 pisu ditu. Baina badirudi laster altuena izateari utziko diola, egun Mexiko D.F.-n 300 metro baino gehiagoko eraikinak egiteko boom-a sortu baita eta proiektu ugari daude mahaiaren gainean.

Eta horrelaxe, lurretik metro askotara, amaituko dugu gaurkoz bisita birtual hau. Altuerek sortutako zorabioa alde batetara utzi beharko dugu, baina merezi du honek, egunero ez baitugu honelako esperientzia batez gozatzeko aukera.



Beste bat arte!

Cesar eta Uxue

jueves, 3 de diciembre de 2009

Nairobi: natura basatiaren eta hezkuntza aberatsaren arteko fusioa

Nairobi. Hauxe da aste honetako bidaia berrirako aukera. Afrikako hiririk aberatsenetakoa dugu (bai ekonomikoki, bai kulturalki). Hala ere, garapen bideko herrialdeetako hiri gehienetan gertatu ohi den lez, kontrasteak oso nabarmenak dira. Ikus dezagun, beraz, nolakoa den Keniako hiriburua.

Hiriburu izateaz gain, Keniako hiririk handiena ere bada. Bere izena “Enkare Nyorobi” esaldi masaitik dator, zeinak “ur freskoa duen lekua” esan nahi duen. Hala ere, ezagunagoa da “Eguzkipean Berdea den Hiria” izenarekin.



Hiria Nairobi ibaiaren ertzean dago, Keniako hegoaldean eta itsaso mailatik 1661 metrora. Horretaz gain, Afrika Ekialdeko populatuena da, hirigunean 3-4 milioi pertsona bizi baitira. Gaur egun, Afrikako laugarren hiri handiena da. Politiko eta ekonomikoki ere kontinenteko hiri esanguratsuenetako bat da eta erakunde eta enpresa ugarik bertan du egoitza nagusia. Gune komertzial eta kultura garrantzitsu bat dela ere esan dezakegu.




Testuinguru labur hau ezarri ondoren, has gaitezke geure bisita turistikoarekin. Nairobi Keniako norako turistiko nagusia ez bada ere, badu erakargarritasun apur bat arlo honetan. Bertan dago Nairobiko Nazio Parkea, esaterako. Hiriburuaren mugakide da leku hau eta animali espezie ugariren habitata da, hala nola, lehoi eta jirafena; baina badago, ordea, salbuespen bat: elefantea. Izan ere, animalia honek inguru ireki eta zabaletan bizitzeko beharra du. 400 hegazti mota ere badaude. Parke hau alde batera utzita, badago beste bat ere, Uhuru Parkea delako; berau Nairobiko negozio-guneari itsatsita dago.





Hiri honetan museo ugari daude; Keniako Herri Museoa, esaterako, hiriko handiena dugu. Bertan Aro Prehistorikoko tresna-bilduma zabalaz goza dezakegu, baita homo erectus gizonezko baten hondar guztiak ere. Badaude beste museo garrantzitsu batzuk; esaterako, Nairobiko Trenaren museoa edota Karen Blixenen etxea. Karenek “África mía” liburua idatzi zuen; liburu honetan oinarrituta dago “Memorias de África” filma. Bere etxea, beraz, museo bihurtu dute, eta XX. mende hasierako estetika kolonialean kontserbatu dute.

Keniako Herri Museoa


Karen Blixenen Etxea

Nairobi gune turistikoa da, aurretik esan bezala, Keniako garrantzitsuena ez bada ere. Beraz, hotel bat aurkitzeak ez du arazo bat suposatzen. 5 izarretako nahikoa daude, baina, agian, garrantzitsuenak, edo adierazgarrienak, safariez gozatzera datozen turistei zuzendutakoak lirateke. Horrexegatik izendatu dute zenbaitek Nairobi “munduko safarien hiriburu”.

Beste leku interesgarri eta aipagarriak Jomo Kenvattaren mausoleoa, Keniako Antzerki Nazionala eta Keniako Artxibo Nazionalak dira, inolako dudarik gabe. Badaude arte galeriak ere, eta horien artean Arte Modernoko Rahimtulla Museoa eta Mzizi Arte Gunea aipatuko genituzke.

Eremu fisiko eta turistiko esanguratsuenez mintzatu gara, jada, baina ez dugu hiri honen izaera kulturalari buruz batere hitz egin. Hiri kosmopolita eta multikulturala da Nairobi, benetan. Bere sorreratik, Erresuma Batuko ohitura eta ekintzen presentzia izugarria izan da, kolonia garaiko aginteak utzitako herentziagatik. Honen adibide garbi dira grafia ingelesa duten auzoak; Hurlingham eta Parklands, besteak beste.

Hurlingham auzoko etxe batzuk

Parklandseko behe-auzoak

Erlijioari dagokionez, eliza, meskita, tenplu eta gurdwara ugari daude. Adorazio-leku nagusiak hauexek dira: Familia Sakratuaren Katedrala, Santu Guztien Katedrala, Ismaili Jamat Khana Meskita eta Jamia Meskita.

Azkenik, gaurko sarrerarekin amaitzeko, hezkuntzari dagokion arloan zentratuko gara, jende askok herrialde azpigaratuetako hiriak ezjakintasunarekin eta primitibotasunarekin lotzen baititu, eta gu gaur mito hori deuseztatzen saiatuko gara, pixka bat baldin bada ere. Izan ere, Nairobin ospe handiko unibertsitate ugarik dute bere egoitza.

  • Nairobiko Unibertsitatea: Keniako zaharrena da. 1956an sortu zuten Ekialdeko Afrikako Unibertsitatearen zati bezala, baina independiente bihurtu zen 1970ean. Gaur egun, 22.000 ikaslek ikasten dute bertan.
  • Kenyatta Unibertsitatea: Nairobiko gunetik 23 km-tara dago kokatuta, 1000 akreko gune baten barnean. 1985ean ezarri zuten, Estatuarekin izandako borroka luze baten ondoren, zeina 1963an hasi zen.



  • Strathmore Unibertsitatea: 1961an hasi zuen bere ibilbidea, Advanced Level moduko eskola bat bezala. Kontabilitateko ikasleak onartzen hasi zen 1966ko martxotik aurrera, eta halaxe bihurtu zen unibertsitate. 1993an Strathmore Ikastetxeak eta Kianda Ikastetxeak bat egin zuten eta, hala, eraikinak lekuz aldatu zituzten.
  • EE.BBetako Nazioarteko Unibertsitatea: 1969an ezarri zuten unibertsitate honen kanpus bat Nairobin; izan ere, beronek kanpus ugari ditu mundu osoan zehar.
  • Daystar Unibertsitatea: Athi Riverren, Nairobiko hego-ekialdean, dago kokatuta eta kristau-liberala dela esan dezakegu.
  • Afrikako Unibertsitate Nazarenoa: Ongata Rongaien du unibertsitate honek kanpusa berez, hiritik hainbat kilometrotara. Unibertsitate pribatu bat da eta Nazioarteko Eliza Nazarenoak ematen dio diru-laguntza. Instituzio honen egiteko balore kristauetara bideratutako hezkuntza bat zabaltzea da.

Hauxe da gaurkoz idatziko duguna. Hiri honen sorrera eta historiari buruz mintzatuko gara hurrengo sarreran, jada jakingo duzuen bezala.



Hurrengora arte!

Cesar eta Uxue

jueves, 19 de noviembre de 2009

Buenos Aires; eraikin eta auzoetan barrena

Tango soinua, azentu goxo baten zurrumurrua, pasioa eta abegikortasuna… Sinbolo eta topiko horiek herrialde jakin batekin identifikatzen ditugu, eta konkretuagoak izanez gero, hiri jakin batekin: Buenos Aires, Argentinako hiriburuarekin. Hauxe da gure aste honetako aukera. Beraz, has dezagun bidaia birtual hau!

Lehenbizi jakin beharra daukagun datua kokalekua da. Izan ere, Buenos Aires hego hemisferioan dago, Europa eta mendebaldeko gizartea osatzen duten ia herrialde guztiak ipar hemisferioan kokatzen diren bitartean; hemen negua denean, han uda da, eta alderantziz. Beraz, hiri izugarri hau ezagutzeko garairik hoberena hemengo udazken eta negua dira, hau da, irailetik martxora bitartean. Gabonetako oporrak, adibidez, oso egokiak izan litezke.



Honelako paisaia aurki dezakegu parkeetan otsailan


“Tour” turistikoa hasteko prest gaude, beraz. Lehengo geldiune-lekua alde historikoan egin beharko genuke, barruti honetan aurki baititzakegu hiriko sinbolo izan diren eraikin esanguratsuenak. Alde historiko hau osatzen duten auzo nagusiak Montserrat eta San Telmo dira.


Montserrat auzoko eraikin bat


San Telmo auzoa


Gune honetan dugu Plaza Nagusia, gaur egun “Plaza de Mayo” izenpean ezagutzen duguna; haren inguruan hasi ziren herria eraikitzen. Horretaz gain, diktaduraren garaian (1976-1983) oso leku garrantzitsu bihurtu zen, “desagertzen” zihoazen hiritarren amak bertan elkartzen baitziren protesta isil gisa, pertsonen elkarketa askeak debekaturik baldin bazeuden ere. Koloniako instituzio administratibo nagusien egoitzak bertan ezarri zituzten. Plaza honen ekialdean dago kokatuta Etxe Arrosa, egungo Argentinako botere betearazlearen egoitza dena. Iparraldean, berriz, Katedral Metropolitarra eta Nazio Argentinarraren Bankua ikus ditzakegu. Kolonia garaiko beste eraikin garrantzitsu bat “Cabildo” deiturikoa izan zen; plazaren mendebaldean zegoen, baina gaur egun ez dago hasiera bateko itxura berberarekin, haren egituraren zati bat bota egin baitzuten “Avenida de Mayo” eta Julio A. Roca diagonala zabaltzeko.


"Madres de la Plaza de Mayo" deiturikoen protestak diktadura garaian


Etxe Arrosa


Museo Metropolitarra


Nazio Argentinarraren Bankua


Plazaren hegoaldean, Kongresuaren eraikin zaharra ikus dezakegu, nahiz eta gaur egun Historiaren Nazio Akademia bezala aritu. Azkenik, ipar-ekialdera joz gero, Hiriko Gobernuaren Burutzarekin egingo dugu topo, eta “Avenida de Mayo” aldera joan ahal izango dugu.

“Avenida de Mayo”. Horixe da Buenos Airesen leku, enblematikoenetakoa (enblematikoena ez esatearren). Hiriaren ardatza dela diote, Etxe Arrosa eta Kongresuaren Jauregia elkartzen baititu, botere legegilea eta betearazlea sinbolikoki lotuko balitu bezala. Etorbide luze honetan zehar kultura arkitektura eta historia aldetik garrantzitsuak izan litezkeen hainbat eraikin aurkituko ditugu, hala nola, Kultur-etxea, Barolo Jauregia eta Tortoni Kafea. Bestalde, etorbide honen azpitik Buenos Aireseko metroaren A lerroa dabil. Metro hau 1913an inauguratu zen eta Ibero Amerikako lehena izan zen.


"Avenida de Mayo"


Barolo Jauregia


Tortoni Kafea


Hiri honen aorta arteriaren bukaera aldera gerturatuz goaz, beraz. Bertan, hainbat plaza daude, zenbait monumentu eta eskulturekin dekoratuak daudenak (Rodinen Pentsalariaren kopia bat da bat, esaterako). Plaza hauetatik gertu dago aurretik aipaturiko Kongresuaren Jauregia.

Alde historiko honetan bisitatu gabe utz ezin dezakeguna “Argien Sagarra” da. Bertan daude balio historiko handiko eraikin ugari: San Inazio Eliza, Buenos Aireseko Nazio-Ikastetxea, e.a.

Hasiera batean esan dugu Alde Historikoa bi auzok osatzen dutela. Orain beste auzoa ezagutzera goazenean kontuan hartu beharreko zenbait toki erakutsiko dizkizuegu: SanTelmo auzoaz ari gara hizketan, hain zuzen ere. Auzo honetan dago Dorrego Plaza eta bertan ezartzen dute igandero horren ezagun den Antzinako Objektuen Azoka. Honekin lotuta, plazatik gertu antikuari komertzio ugarirekin topatuko gara; honetaz gain, zenbait eliza eta museo bisitatzea ere posible izango dugu. Inguru honetan dago, baita ere, Lezama Parkea, hainbat monumentu eta eskulturaren kokaleku bihurtu zutena.


Plaza Dorregon egin ohi den azoka


Alde historikoa nahikoa bisitatu dugu jada. Hiriko beste hainbat lekutarantz abiatuko gara orain. Gauzak errazago egiteko, auzoz auzo mugituko gara. “Recoleta” aldera goaz oraingo honetan. Izan ere, leku turistiko ugari daude bertan, eta haietako askok balio handia daukate, gainera, kulturaren ikuspegitik. Hauexek dira balio horien jabe diren hainbat: Arte Ederren Museoa, Nazio Liburutegia, Recoleta Kulturgunea, Buenos Aireseko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatea, Palais de Grace, La Biela Taberna eta Recoletako Hilerria, Argentinako zenbait pertsonaia garrantzitsuren gorpuak dauden lekua.

Retiro auzoa ere esanguratsua da. Izen berbera duen geltokiaren ostatu da, baita hiriko beste monumentu enblematiko batzuena ere, hala nola, Malvinetako Gerran Hildakoen monumentuarena edota Kavanagh Eraikinarena.


Arte Ederren Museoa


Kavanagh eraikina


Palermo auzoa herrialdeko garrantzitsuenetako bat da, eta hara joanez gero, Palermoko Basoak, Buenos Aireseko Zooa eta Arte Latinoamerikarraren Museoa bisitatu ahal izango ditugu. Auzo hau alde batera utzita, Puerto Madero bisitatzea ere ezinbestekoa da, bertan ikusi ahal izango baititugu Etorkinen Hotela izandakoa eta Emakumearen Zubia, besteak beste.

Kultura aldetik ere Corrientes Etorbideak garrantzi handia dauka. Hauxe da antzerki nagusien lekua, baita beste hainbat leku interesgarrirena ere (La Plaza pasealekua, Luna Park Estadioa…). Etorbide honetan barrena paseatuz gero, hiriko beste enblema batekin egingo dugu topo: Obeliskoarekin, hain zuzen ere.


Obeliskoa

Geure “tourra” amaituz doa, baina honi amaiera eman aurretik, La Boca auzo koloretsura joan beharko dugu, etorkinentzat leku esanguratsua den hori. Turismoaren aldetik ere bisitatuenetako bat dugu, beste auzo batzuek duten azpiegitura eta segurtasuna ez baditu ere. Baina bertan daude “Caminito” pasealekua eta “Boca Juniors” futbol taldearen “La Bombonera” estadioa, esaterako, eta ezinbestekoa da hauek ezagutzea Buenos Airesen egonez gero.


"Bombonera", Boca Juniors taldearen estadioa


Bisita kultural honen ondoren nekatuta egon gintezke, baina askok beti daukagu lekua erlaxatu, erosketak egin eta ongi pasatzera irteteko. Erosketei dagokienez, San Telmoko Azoka eta Palermo Soho dira ezinbesteko lekuak. Gauean ateratzearen aldekoak bagara, aldiz, honako aukera hauek ditugu:

  • Diskotekak: dantza eta dantza egin nahi izanez gero egokienak. Esanguratsuenak Pacha, Caix eta Museum dira.
Pacha
  • Tabernak: inguru lasaiago baten zaleak bagara, hauxe da geure aukera. Hauetan musika entzuteko aukera izango dugu, baina eserita eta lasai.lasai zerbait hartzen dugun bitartean. Ikusgarrienetako bat Niceto Club da inongo dudarik gabe. Inguru Funtzio ugari dituen gune bat da, girotze newyorktarra duen lokal honetan afaldu, jazza entzun, zerbait edan eta dantza egin baitaiteke.

Aukera gastronomiari buruzko datuak ematen ere has gaitezke, baina gaurko honetan asko luzatu da sarrera eta bertako kultura eta biztanleei zuzendutako sarrerarako utziko dugu zati hau.

Hurrenarte!

Cesar eta Uxue