sábado, 26 de diciembre de 2009

Kokapen ezberdinak izandako hiria

Londres bezalako hiri handi eta kosmopolita batek historia luze eta entzutetsua izan beharko luke: eraikinak, gizartea, pertsonaia garrantzitsuak, dinastiak… Guzti horren zergatiak nonbaiten egon beharko luke. Horixe da gaurko sarreran kontatuko duguna.




“Londres” izenaren etimologiaren nondik norakoa ezezaguna da oraindik ere.Geoffrey of Monmouth-en bere liburuan azaltzen duen teoriaren arabera, Lud erregeak sorrarazi zuen izen hau, hiria konkistatutakoan Kaerlud izena jarri baitzion; horren ondoren, izena eraldatuz joan zen, Kaerludein bihurtu arte eta, azkenean, London bihurtu omen zen. Beste teoria batzuen arabera, aldiz, galestar , britainiar, hizkuntza anglosaxoi edota hizkuntza hebreotik eratorritako izena dela diote.

Asentamendu britano sakabanatu batzuen aztarnak aurkitu badituzte ere, lehen asentamendu garrantzitsua erromatarrek sortu zuten 43 urtean eta Londinium izena jarri zioten. Asentamendu honek 17 urte soilik iraun zuen, ordea, 61. urtean Boudica erreginak zuzendutako Iceni tribuak asentamendua asaltatu baitzuen, guztia suntsituta utzi zutelarik. Hala ere, hiria berreraikitzeko planak arrakasta handia izan zuen eta hala, Britainia probintzia erromatarraren hiriburu bihurtu zen, Colchesterren ordez. Gainera, bere gune gorenean, II. mendean, 60.000 biztanle izatera iritsi zen.


Londiniumen eraketa halakoxea zela uste da


Boudica erreginaren irudikapena


600 urtean, gutxi gorabehera, anglosaxoiek Lundenwic izeneko asentamendu berria sortu zuten, gaur egun Covent Garden dagoen eremuan. Baliteke bertan portu bat egotea, arrantza eta merkataritza bultzatzeko asmotan. Merkataritza hura handituz joan zen, baina bikingoek hiria indarrez hartu zutenean, bere kokapena erromatarrek sortutako Londinium asentamenduarenera bueltatu zen, beronek zeuzkan harresiez baliatzeko.

Kokapena argi geratzen da mapa honetan

Erdi Aroan, Londresek Westminster Abadiari garrantzia izugarria ezarri zion; bertan koroatu izan dituzte Ingalaterrako errege-erregina guztiak. Gainera, aro normandiarra amaitu arte, Londresko Dorrearen gaztelua erregetzaren egoitza izan zen. Gaur egun, bertan gordetzen dira Koroaren Harribitxiak. Kokagune horretatik abiatuta, Londres erromatarra garatuz joan zen, ahalik eta gaurko City-a bihurtu zen arte.

Hurrengo pausua Londres hedatzearena izan zen; norabide guztietarantz hedatu zen gainera, inguruko baso eta herri guztiak bere baitan hartu zituelarik. XVIII. mendeaz geroztik, eta XX. mendeko lehen erdira arte, Londres Britainiar Inperioaren hiriburua izan da.

Gertakari negatibo gehiago jasan beharra izan ditu hiriak. 1666 urtean, hain zuzen, sute izugarri bat gertatu zen bertan, eta hiriaren zati handi bat suntsitu zuen. Sute horrek sortutako suntsiketaren berreraikitzeak 10 urte iraun zituen eta Christopher Wren arkitektoa izan zen berorren arduraduna. Hiriak bizkortze handia izan zuen hurrengo mendean zehar eta hala, XX. mendearen hasieran, Londres munduko hiri handiena bihurtu zen.






Tokiko administraritza hedapen hura bideratzen saiatu zen, hiriari azpiegitura bat egokitzeko asmotan. Hala, 1855ean Metropolitan Board of Works sortu zen, baina 1889an zaharkituta zegoen egitura hura eta County of London sortu zuten hura ordezkatzeko. Talde hura London County Council deiturikoak gobernatu zuen.

II. Mundu Gerran, Luftwaffe-k Londres bonbardatu zuen, “Ingalaterrako Erasoa” deituriko gudan. Bonbardaketa horretan 30.000 hiritar hil ziren eta Londreseko gune asko erabat suntsituta gelditu ziren. Hala ere, gune horiek hurrengo hamarkadetan berreraiki zituzten eta estilo arkitektoniko ezberdin erabili zituzten. Gerra horren ondorioz, Londresen hedapena geldotu egin zen, baina hala ere, lursail ezberdinak anexionatu zitzaizkion.


Bonbardaketa izugarria izan zen


Jendea asko atsekabetu zen


Luftwaffe hegazkinetako bat


1997 eta 1998ko tregoak gertatu arte, IRAk bonba ugari jarri zituen bertan. Eraso hauen xedeak gobernu britainiarra Ipar Irlandan Sinn Fein alderdiarekin negoziatzera bultzatzea zen.

IRAren bonbetako batek sortutakoa

2005eko uztailean bi ekintza nagusi gailendu ziren; bata, oso positiboa eta bestea, aldiz, guztiz penagarria. Lehena, hilaren 6an gertatu zen: Nazioarteko Komite Olinpikoak XXX. Joko Olinpikoak ospatzeko egoitza izendatu zuen Londres; hirugarren edizioa izango da hauxe.

Hilaren 7an, berriz, eraso terrorista koordinatuak gertatu ziren hiri osoan zehar. Egileak islamiar muturreko batzuk izan ziren. Eraso hauek metroko hiru ibilbidetan eta autobus batean egin zituzten: Algate-ko metroan, Picadilly ibilbidea egiten zuen tren batean, Edgware Road geltoki barneko tren batean eta autobus batean, hain zuzen ere.








Gaur egun, Londres Handia City of London eta beste 32 barrutiz osatuta dago. Hiriko bizitzaren fluxu dominatzailea Westminster Hiria da, kultura-, entretenimendu- eta kontsumo-gune nagusia baita. City of London (Square Mile edo City bezala ezagun den hura), berriz, munduko banketxe-gune nagusia da, baita Europako negozio-gune nagusia ere.




Europako 500 elkarte nagusietako 100k Londresen dute egoitza. Diru-trukeen merkatua ere munduko handiena da, Tokiokoak eta New Yorkekoak baino diru gehiago trukatzen baitu. City-ak, beraz, mugimendu handia du aste barruan zehar, jendez beteta egoten baita, baina asteburutan oso inguru lasaia izan ohi da, ez baita egoitzalde oso handia.

Datu guzti hauekin, irudika dezakegu, gutxi gorabehera, hiri honen sorrera, garapena eta gaur egungo egitura eta berezkotasunaren zergatia. Beti bezala, orain hiria osatzen duen gizartearen nolakotasuna ikertzea falta zaigu soilik.

Hurrenarte!

Cesar eta Uxue

No hay comentarios:

Publicar un comentario