sábado, 12 de diciembre de 2009

Historia laburra eta lurrikarekiko joera arriskutsua

Wellington ez da oso hiriburu ezaguna munduko biztanleriaren artean; izan ere, Australia Zeelanda Berriarengan gailentzen da Ozeaniari buruz hizketan gabiltzanean, ezaguntasunari erreparatzen badiogu. Sarrera honetan egoera hori konpontzen saiatuko gara, eta Zeelanda Berriko hiriburuaren historiari buruzko hainbat datu plazaratuko ditugu.


Hiriaren satelite bidezko ikuspegia


Hiriaren sorrera nahiko berria bada ere, kondairak eskualdea X. mendean Kupe buruzagi hawaikiarrak esploratu zuela dio. Hala ere, lehen asentamendu europarrak ez ziren 1839 arte gertatu. Urte hartako irailaren 20an, Compañía de Nueva Zelanda taldeko kolono britainiarrak iritsi ziren irletara Tory ontzian. Hilabete batzuk beranduago, 1840ko urtarrilaren 22an, beste 150 kolono iritsi ziren. Nolabaiteko menperatzaile guzti hauek euren lehen etxeak eraiki zituzten Petonen, Hutt ibaiaren ahoko inguru lau batean; leku horri Britannia deitu zioten aldi batez, eta gaur egun Wellingtoneko auzoetako bat da. Baina alde txar bat zeukan kokaleku hark; izan ere, urak bertan erraztasun handiz egiten zuen gainezka eta, beraz, asentamendu hura inguruko mendixketara bideratu zuten, inguru altuagoetara. Hori dela eta, gaur egun nahiko kale aldapatsuak ditu auzo honek.


Tory Ontzia


Britannia asentamendua bere kokaleku berrian


Hiriak badauka ezaugarri garrantzitsu bat, eta honek arriskuak dakarzkio noizean behin. Ezaugarri hori inguru haiek lurrikarei emanak direla da. Hori dela eta, Wellingtonek bi lurrikara izugarriren ondorioak jasan behar izan zituen 1848 eta 1855ean.

1855ko lurrikarari dagokionez, asko dago esateko. Berau Wairarapan gertatu zen, hiriaren iparralde eta ekialdean dagoen faila batean, eta jasota geratu diren guztien artean, Zeelanda Berriak jasandako suntsitzaileena dela esan dezakegu. Adituek, Ritcher eskalan 8,2 graduko magnitudea izan zuela diote. Lurrikara honek bi eta hiru metroko mugimendu bertikalak sortu zituen eremu zabal batean; horren handiak izan ziren mugimendu hauek, non portuko gune bat ere altxatu zuten, marea igotakoan inguru zingiratsu bihurtzen zena. Hala ere, terreno horiek lehortu egin zituzten beranduago, eta egun hiriak duen negozio-gunearen parte da. Arrazoi honengatik dago Lambton Quay kalea portutik 100 eta 200 metro bitarteko distantziara; gainera, inguruetan zenbait kartel daude 1840an lurrak zuen muga adierazten dutenak. Hala antzeman daiteke itsasoari irabazitako lur-eremua.



Beste lurrikara batzuek sortutako hondamendiaren irudiak


Hiriak lekua hartutako eremuak ekintza sismiko oso handia dauka, beraz; baita Zeelandako Berriko bataz bestekoarekin konparatuz gero ere. Faila bat hiriaren erdigunetik igarotzen da, eta beste batzuk haren inguruetan ageri dira. Gainera, hori gutxi balitz, ehunaka faila txiki atzeman dira hirigunean zehar. 1855ko lurrikararen ostean, eraikin gehienak egurrez eginak eraiki ziren. Honen adibide garbi dira 1996an errestauratu ziren hainbat eraikin, zeinak gobernuari dagozkion eta Parlamentutik eta Tren Geltokitik gertu dauden; hauexek, hego hemisferioko egurrez eginiko edifizio handienak dira. Bestalde, geroago, eta batez ere bulegoen eraikuntzan, altzairua eta adreiluak bezalako materialak ere erabili badira ere, egurrez eginiko osagaiak egituren oinarri dira oraindik ere.


Halaxe ziren Wellingtoneko lehen eraikuntza tipikoak


Bere ezaugarri arriskutsuena azaldu ostean, hiriburu izendapena ere islatu beharko dugu sarrera honetan. Aukeraketa hau ez zen lehenengo asentamenduen sorreratik horrenbeste urtetara egin, 1865an gertatu baitzen. Hala, Wellingtonek Auckland ordezkatu zuen, zeina William Hobsonek izendatu zuen hiriburu 1841ean. Parlamentua 1862ko uztailaren 7an lekualdatu zuten, baina hiriburutasun ofiziala ez zen beranduagora arte gertatu.


William Hobson


Hiriburu-aldatze hau Alfred Domett lehen ministroak bultzatu zuen gehienbat. Dirudienez, aldaketa honen arrazoia hegoaldeko lurraldeak kontrolatzea zen. Izan ere, hauek kolonia independente bat sor zezaketenaren susmoak zituzten, eta eremu urredunak bertan zeudenez, ekintza hura onartezina zegozkien. Lurralde hartako herri eta hiri guztien artean Wellington hiriburu bezala aukeratzearen ardura Australiako komisari independente batzuena da; aukera honen zergatia bere portua eta herrialdearen erdialdean zuen kokalekua izan ziren.

Beraz, ofizialki parlamentua 1865eko uztailaren 26an ezarri zen Wellingtonen. Garai hartan, hiriaren biztanleria 4900 pertsonez osatua zegoen . Ordudanik, hiriburua Zeelanda Berriko Auzitegi Gorenaren egoitzaren kokaleku da; azken urteotan, gainera, beronen eraikuntza zaharra bere berezko erabilerarako berreskuratu da. Bestalde, Gobernadore Nagusiaren bizileku ofiziala, Government House deiturikoa, Newtonen dago, Basin Reservearen parean.


Alfred Domett


Auzitegi Gorena 1920ko hamarkadan


Government House


Hauxe izan da gaurkoan aukeraturiko hiriaren historiaren kontaera. Ez da beste zenbaitetan bezain luzea izan, baina jakin badakigu lekuei buruzko informazio kopurua ere duten gizarte-garrantziaren arabera argitaratzen dela.

Beste bat arte!

Cesar eta Uxue

No hay comentarios:

Publicar un comentario