domingo, 18 de octubre de 2009

New York: historian barrena

Edozein leku ondo ezagutzeko, ez da nahikoa bertara joan eta momentuan dagoena ikustearekin. Gauzen zergatia ulertzeko, atzera begiratzea ezinbestekoa da beti, eta halaxe gertatzen da hiriekin ere. Beraz, New Yorken historiari buruzko laburpentxo bat egingo dugu orain, gaur egun den bezalakoa zergatik den ulertzen hasteko.

Gaur egun, New Yorkek 8.346.564 biztanle ditu eta bost barruti nagusiz osatuta dago: Bronx, Brooklyn, Manhattan, Queens eta Staten Island. Baina hiriaren sorreran, lehenenego kokalekuan, hedapena eta biztanle kopurua askoz ere txikiagoak ziren.

1524an Giovanni da Verrazzano italiarrak europearren ezagupenerako aurkitu zuen, baina lur horiek ez zeuden hutsik, Lenape tribuko 5000 bat aborigen bertan bizi baitziren. Esploratzaile honek “Nouvelle Angoulême” bezala izendatu zuen. Lekua jada europarrentzat ezaguna bazen ere, ez ziren bertan bizitzen jarri 1614. urtera arte. Lehenak holandarrak izan ziren eta 1626an Manhattan irla erosi zien koloniako zuzendariak aborigenei, “Nieuw Amsterdam” izena jarri zion eta larru salmentaren inguruan jarduten hasi zen irla. Hala ere, ez zen betirako holandarren esku egon, 1664an ingelesek eskuratu baitzituzten lur guzti haiek eta “New York” izena jarri zioten. Gerra ugari egon ziren ingeles eta holandarren artean, eta bigarrenaren amaiera aldera, akordio batetara iritsi ziren: Manhattan ingelesen esku geldituko zela, baldin eta Surinam holandarrena bihurtuz gero. Eta kolonia guztietan gertatu izan ohi den moduan, bertako lehen biztanleez ahaztu egin ziren, 1700 urtan 200 bat lenapear soilik bizi baitziren bertan.

1660 - Manhattan irlaren planoa

Britainiar inperioa martxan zen, beraz, bertan. Beraiek boterean zeuden bitartean, New York garrantzia hartuz joan zen merkataritza-portu bezala eta 1754an, hiriaren estatus berriaren adibide gisa, lehen unibertsitatea sortu zen, Columbiakoa, hain zuzen ere.

Unibertsitateko liburutegia

Hurrengo urteetan, EE.BBetako Independentzia gerra batailaratu zen, eta New Yorken gudu garrantzitsu ugari eman ziren; haiek guztiak “New York eta New Jerseyko kanpaina” bezala ezagutu ziren. Gerra amaitu egin zen eta EE.BBak jada herrialde independiente bat zen. Bertako lehen presidente George Washington aldarrikatzeko, New Yorkeko eraikin mitiko bat aukeratu zuten: Wall Street. Gainera, EE.BBetako hiriburu bihurtu zen urte batez.

George Washingtonen estatua bat dago gaur egun Wall Street eraikinaren kanpoan

XIX. mendean hiriak aldaketa ugari jasan zituena inmigrazioa eta garapena zirela eta. “Commissioners’ Plan of 1811”-ari esker, hiri-hesia, nolabait esateko, Manhattan irla osora zabaldu zen eta 1835an EE.BBetako hiririk handiena bihurtu zen, Philadelphia atzean utziz.

Politikari dagokionez, hiri-kontrola etorkin irlandarrek bermatutako “Tammany Hall” sistemak zeukan. Bestalde, merkataritza-aristokraziako partaide izandako hainabt kidek Central Park sortzea bultzatu zuten. 1857an eratu zen eta hiriko lehen parke paisajistikoa bihurtu zen.

Central Parken irudi-planoa - 1859

Esklabutza desagertarazteko mugimendua bertan zen jada. 1820. Urterarte New Yorken esklabuak egon izan ziren, baina hurrengo hamarkadan zehar hiria mugimendu desagerrarazlearen gune bihurtu zen Iparrean, bereziki Manhattan eta Brooklyn auzoak.

Hurrengo urteetan zehar, Gerra Zibila gertatu zen EE.BBetan. Zerbitzu militarraren aurkako mugimendu handia egon zen New Yorken eta, hori zela eta, manifestaldi bortitzak egon ziren 1863ko uztailaren 13 eta 16 artean. Egun horiek “Draft Riots” bezala ezagutarazi ziren eta EE.BBetako altxamendu zibil okerrenetako bezala kontsideratzen dira.

1898an, New York hiri modernoa eratu zen, Manhattan eta Brooklyn elkartu egin baitziren. Ordurarte, Brooklyn hiri independiente bat zen. 1904an metroa ireki zen eta hau hiria elkartzeko bultzada handia izan zen.

Mulberry Streeten irudia, 1900ean

XX. mendea bertan zen jada. Mende honen lehen erdialdean, New York munduko industria, merkataritza eta komunikazio gunea bihurtu zen. 20ko hamarkadan afroamerikar etorkinen gehiengoa bertara joan zen, herrialdeko hegoaldetik zetorren “Migrazio handia” bezala ezagutzen den mugimenduan. Beraz, iparrameriako hiri-diaspora afrikar handiena bertan zegoen. Debekuaren urteetan zehar, Harlem auzoak biziberritze bat jasan zuen eta etxeorratzak eraikitzeari bultzada izugarria eman zitzaion. 1948an, New York munduko hiri populatuena bihurtu zen.

1948an bazkalordu garaian kaleak halaxe zeuden

Krisi ekonomiko gogorraren urteak pasa ondoren, garapen ekonomiko handia egon zen hirian europa aldeko inmigrazioa eta II. Mundu Gerrako beteranoen etxeratzea zirela eta. Honek ere etxebizitzen eraikuntza bultzatu zuen Queens ekialdean eta, honi esker, munduko hiri nagusia bihurtu zen gerratearen ondoren; Wall Streeti esker, gainera, potentzia ekonomiko nagusia bihurtzen hasi zen. Horretaz gain, Nazio Batuen gune nagusia bertan eraiki zen eta arte munduan ere leku garrantzitsu bihurtu zen.

Nazio Batuen sedea

60ko hamarkadan arazo ugari egon ziren bertan, ordea: arazo ekonomikoez gain, krimen eta arrazismo. Tasek gora egin zuten eta hurrengo hamarkadan zehar ere halaxe jarraitu zuten.

80ko hamarkadan zehar, finantzia industriaren bersortzeari esker hiriko fiskalitatearen kalitatea hobetu egin zen eta hurrengo hamarkadan hiriaren egoera orokorra hobetu egin zen, arrazismoak eta krimenen kopuruak behera egin baitzuten berriro ere, eta etorkin berriak jaso baitzituen hiriak, Asia eta Latindar Amerikakoak.

XXI. mendea hasi zen urteko irailaren 11an, New Yorkek inoiz jasan zuen atentaturik okerrena jasan zuen: Al-Qaeda talde terroristako kide ziren 19 suizidek bahitutako bi hegazkinek Dorre Bikien aurka jo zuten eta ia 3000 pertsona bertan hil ziren.

Dorre Bikiak sutan

Etorkizunari begira, eta duela 8 urte gertatutako ekimen zorigaitzak alde batetara uzteko asmoz, “Freedom Tower” izeneko dorre bat eraikitzeko asmoa daukate Dorre Bikiak zeuden leku berdinean. Proiektua 2012rako amaituta egotea espero da.

Hauxe izan da New Yorken historiaren laburpena. Hurrengo sarreran, hiriko pertsona, kultura eta bitxikerien inguruan arituko gara.

Hurrenarte!

Cesar eta Uxue

No hay comentarios:

Publicar un comentario