Mostrando entradas con la etiqueta pertsonak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta pertsonak. Mostrar todas las entradas

domingo, 20 de diciembre de 2009

Munduko bigarren hiri jendetsueneko ohiturak

Mexiko D.F munduko hiri biztanletsuenetakoa dugu. 8.720.916 pertsona bizi dira hirian bertan, eta gune metropolitar guztia kontuan izanez gero, kopurua 19.331.365 pertsonetara igotzen da. Beraz, eta datu hauen arabera, munduko bigarren hiri populatuena da. Guzti honekin, ez da harritzekoa azaltzeko horrenbeste ezaugarri eta ohitura edukitzea.




Talde etniko ugari aurki ditzakegu bertan. Biztanle gehienak mestizoak dira eta euren jatorria europar eta indigenen arteko nahasketa da. Indigenak ez dira asko portzentajeei erreparatuz gero, hiriko biztanleen %1a ere ez baitira, baina hala ere Mexiko Hiriak herrialde guztiko eta Amerikako biztanleria amerindioaren kopuru handiena dauka, 360.000 baitira guztira; gainera, etnia ia guztietako ordezkariekin topa gaitezke. Talde etniko handiena nahuena da, bertakoak baitira; baina beste eskualde batzuetako indigena ere iritsi dira jada, hala nola, mixtekoak, otomiak, zapotekoak eta mazahuak.

Orokorrean, Mexiko Hirian jaio diren indigenen belaunaldiak kultura kosmopolita dominatzailean barneratu dira, baina azken bi hamarkadetan mugimendu erreibindikatzaileak sortu dira kultura horietan. Hala ere, hiriko indigenak gehienek euren ama hizkuntza hitz egiteari utzi diote, eta etxe barruko bizitzaren zenbait arlotan erabiltzen dute soilik.


Nahuak


Neska mixteko bat


Nazioarteko migrazioari erreparatzen badiogu berriz, Mexikoko hiriburuak herrialdeko atzerritarren kopuru handiena ostatatzen duela ikusiko dugu. Biztanleria kapitalinoko oso portzentaje txikia dira, baina talde horren barruan, atzerritar gehienak espainiarrak, estatu batuarrak, argentinarrak, kolonbiarrak, frantziarrak, alemaniarrak eta libaniarrak dira.

Aurretik zertxobait aipatu dugun bezala, Mexiko D.F-n hainbat hizkuntza ezberdin entzun ditzakegu, baina Mexikoko gainerako lekuetan bezala, nagusia gaztelera dugu, inolako dudarik gabe. Hala ere, beste hizkuntza askotan ere mintzatzen da jendea, eta herrialdeko hizkuntza indigena ia guztiak bere presentzia dutela ere esan dezakegu; guzti horien artean, gehiengodunak nahuatl, otomi, mixteco, zapoteco eta mazahua hizkuntzak dira.

Erlijioak, aurreko sarreretan argi utzi dugun bezala, garrantzia handia dauka D.f.-ko biztanleek eguneroko bizitzan. Gehiengo handi baten erlijio katolikoan sinesten du, edo hala bataiatu dituzte behintzat; baina praktikan, euren erlijioaz galdetzen dietenean askok “sinestunak” direla diote, hau da, katolizismoan sinesten dutela, baina ez dutela sinesmen hau erregularki praktikan jartzen. Hala ere, erlijio honen nagusitasuna kontuan hartzekoa bada ere, barruti federaleko katolikoen kopurua izugarri jaitsi da: 1960an biztanleriak %90a baina gehiago baldin baziren, XXI. mendearen hasieran ozta-ozta iristen ziren %80ko portzentajera. Ehuneko honen jaitsiera dela eta, handitu egin da inongo erlijiotan sinesten ez duten eta erlijio judutar-kristauak eta ebanjelikoak jarraitzen dituzten pertsonen kopurua; azken arten artean, Testigos de Jehová direlakoen taldea da adierazgarriena. Gainera, aurreko erlijioekiko paralelo loratu dira ortodoxotasun maila baxuagoa duten beste hainbat, Eliza Katolikoak baliokotzat jotzen ez dituenak. Esaterako, definizio honi dagozkio Heriotza Santuarekiko kultua, Santeria eta chamanismoa. Azkenik, hiriburu honek Mexikoko judutar komunitate handiena dauka eta islamiarrek talde txiki bat ere osatzen dute.


Biztanle katoliko batzuk ospakizun baten erdian


Heriotza Santuarekin erlazionaturiko egoera hauek oso ohikoak dira Tepito auzoan


Bertako biztanleen ezaugarri orokor batzuk azaldu ondoren, Mexiko D.F.-n bizi direnen 10 ohitura eta bitxikeria garrantzitsuenak azalduko ditugu. Hauexek dira:

1. 15 urte betetzen direnean egiten den festa: neska haurtzarotik heldutasunera hasitako prozesu horren hasiera irudikatzen du nolabait. Oso normala da gurasoek, aitona-amonek eta familiako gainerako kideek festa antolatzen izugarrizko dirutzak xahutzea, eta praktika horrekin gozatu egiten dutela ere esan dezakegu. Festa izugarria antolatzen dute; izan ere, festa honetan egiten dute neskatxaren gizarte-aurkezpena, eta handik aurrera berezko iritzia duen emakume bezala trata dezakete.

Festa honen zati garrantzitsuenetako bat dantza egiten dena da. Lehen dantza vals bat izan ohi da, eta urteak betetzen dituen neskak bere aitarekin baltseatzen du, soineko zuri bat gainean duela. Bigarren dantza, berriz, chambelan deiturikoa izaten da, eta oraingo honetan bere adin antzekoa duen mutil batekin dantzatzen du, zeina bere babesle bihurtzen den. Dantza tradizional honen ostean, neska arropaz aldatzen joaten da korrika eta modernoago jantzita itzultzen da, rocka eta gainerako musika eguneratuak dantzatzeko momentua iritsi baita.

Askotan, familiak ez du festa hau ordaintzeko haina diru eta zordundu egiten da urte askotarako, festa hau ospatzea oso garrantzitsua baita euren gizartean.


Gisa honetako soinekoak jantzi ohi dituzte neskek


Honelako tokietan ospatzen dute festa hau


2. Neskalagunari serenatak abestea: Alde erromantikoarekin lotutako zerbait da hau beraientzat. Neskalagunak liluratuta gelditzen dira, baina ez dira sorpresa hau jasotzen duten bakarrak, zenbaitetan beren amei urtebetetze-opari bezala ere erregalatzen baitizkiete abesti hauek. Beti ere, intentzio onarekin egiten dira. Honelaxe egiten dira serenata hauek: mutilak mariatxi bat edo hiru gitarrista kontratatzen ditu, eta haiek mutilak maite duen neskaren balkoi azpira joaten dira eta abesti erromantikoak abesten dizkiote. Aukeratutako abestiak amodioarekin edo desamodioarekin lotuenak direnak izan beharko lirateke; batzuk barkamena eskatzeko erabiltzen dira, eta beste batzuk maitatua izan dadin eskatzeko. Honen ostean, zenbait neskek etxera sartzen uzten diote mariatxiari eta edariren bat ematen diote.

3. Ama Birjinari eskatzen diote “Villan”: jende asko joaten da Guadalupeko Ama Birjinari mirariren bat eskatzera Villan dagoen La Basilika elizara. Biztanleriarentzat gauzarik politena jendeak daukan fedea da. Batzuk belauniko iristen dira, eta oso urrunetik abiatuta gainera; askotan, odola dariola ere iristen dira. Honekin zera azaltzen diote birjinari, gaixo dagoen senide batengatik sufritzeko prest daudela, baldin eta sendatzearen miraria betetzen bada. Beste batzuk, berriz, lana, ezkontza ondorengo zoriontasuna, etorkizunerako ongizatea edota barkamena eskatzen diote.


Basilika




4. Ospitalera joaten dira bisitan ume bat jaio ondoren: familiako kide berria ezagutzeko tokia izaten da ospitalea, lagun eta senide guztiak joaten baitira jaioberriari desira onenak ematera. Batzuk erregalu edo loreren batzuk ere eramaten dituzte. Alde txar bat ere badu honek: denek euren iritzia eman nahi dutela, alegia. Jaioberria mutila izanez gero, aitak puruak banatzen ditu gizonezkoen artean eta neska izanez gero, berriz, bonboiak banatzen dizkie bisitari guztiei.

5. Heriotzarenganako errespetua eta mirespena dute: hildakoei eskaintzak egin ohi dizkiete azaroaren 2an. Ekintza honekin, hildakoei abegi ona egiten zaie eta eguna bizirik dauden senideekin pasatzeko aukera paregabea dute. Zenbaitek etxean egiten dute ospakizuna, baina beste batzuk hildakoa lurperatutako panteoiraino joaten dira eta eguna iritsi baino zenbait gau lehenago joaten dira ospakizuna noiz iritsiko zain. Desagertutako senideari egindako eskaintzan, bere jaki eta edaririk gogokoenak eskaintzen zaizkio, baita tabakoa ere. Lekua lorekin dekoratzen da eta jakiekin betetako kazolak, ura, garagardoa eta tekila eramaten da bertan kontsumitzeko. Azken finean, hildakoak jakiaren esentzia besterik eramaten ez duela suposatzen da.


Egun horretan eginiko aldare tipiko bat


Eskaintzarako jakiak


6. Debekatuta dago pijama jantzita duen bizilagun bati buruz barre egitea: zaborra jasotzen duen kamioia kaleetan barrena doanean, kanpaia bat jotzen du. Jendeak, etxe barruan dagoela, barruan daukan zabor guztia elkartzen du poltsa handi batean eta aukeratutako familiako kideak korrika joan beharra dauka, poltsa eskuetan duela, kamioiaren bila. Prozesu horretan daudela, euren bizilagunekin egiten dute topo, eta denek ere izugarrizko piurak izan ohi dituzte: orraztu gabe ageri dira, pijama edota bata dute jantzita eta askotan oinutsik ere irten ohi dira. Barre egin beharrean, irribarre bat luzatu eta elkarri agurra luzatzen diote.

7. “Talatxeroak” omen dira: honekin zera esan nahi dute, etxean konpontzeko zerbait izanez gero, edozer dela ere, konpontzen saiatzen direla. Denok dute iturgin, arotz, igeltsero, mekaniko edo lorategi-zaintzaile bokazioa, txikia bada ere.

8. Norbaitek doministiku egitean “salud” esaten diote: hau oso normala da Latindar Amerika guztian zehar, baina Mexikon, konkretuki, ekintza hau oso suspergarria da. Beraiek diotenez, Frantzia edo Alemania bezalako herrialdeetan hau eginez gero, jendeak harrituta begiratzen omen dizu, gaixoei iraintzen edo molestatzen egongo balira bezala “salud” esateagatik. Aspaldi, “salud” esan beharrean “Jesús te ayude, salve y reconforte” esan ohi zen eta doministiku egindakoak zera erantzuten zion: “Dios te oiga”. Pixkana-pixkana, esaldia moztuz joan zen eta gaur egun zenbaitek “Jesus” esan ohi dute, eta doministiku egindakoak eskerrak ematen dizkio.

9.Gabonetako eta Urteberriko ohiturak: ohitura ugari dituzte. Haietako bat ardiantxak oparitzea da, jendeak ateetan ipintzeko; hala, dirua bereganatu daiteke, baldin eta hau urte osoan zehar uzten bada zintzilik. Beste ohitura bat etxetik kanporantz erraztea da; 12 kanpai-hotsak entzun ostean, erratza hartu eta bizitzako gauza txarrak etxetik kanpo errazten ari direla irudikatzen dute. Bakoitzak bere kalean korrika egiteko ohitura ere badu, eskuan maleta bat duela; hala, urte osoan zehar bidaia ugari izango dituzte. Beraiek ere badute urteberrian barruko arropa berezia izateko ohitura, baina euren kasuan elkarri erregalatzen diote, eta hori edo gorri kolorekoak izan ohi dira; gorriak urteko lehen egun osoan jantzirik edukiz gero, maitasuna eta maite-sua izango dituzte, baina lehen eguneko barruko arropa horia izanez gero, berriz, dirua izango da lortutakoa. Azkeneko ohitura, pinata apurtzea da; honekin 7 bekatu kapitalen haustea irudikatzen da; barruan dagoenak, berriz, borondate onak eta sorpresa atseginak irudikatzen dituzte.


Maletarekin korrika


7 bekatu kapitalak irudikatzen dituen pinatetako bat


10. Hiru erregeak: Santa Klausek ere egin ohi duen lez, ondo portatutako haurrek erregaluak jasotzen dituzte urtarrilaren 6an eta opari hauek Hiru Erregeek ematen dizkiete. Haiek, geuk ere hemen ondo dakigun bezala, gauean zehar iristen dira eta haienganako sinesmenak irauten duen bitartean, ilusio handia sortzen dute haurrengan.



Hauexek dira Mexiko D.F-ko biztanleek ezaugarri eta ohitura adierazgarrienak. Beste behin ere, gugandik ezberdina den kultura bat ezagutzeko aukera izan du.

Beste bat arte!

Cesar eta Uxue

miércoles, 9 de diciembre de 2009

Hazkunde-tasa, garapenaren bide

Nairobi izan da Afrika mailan hazkunde demografiko handiena izan duen hirietako bat. Izan ere, 1899an sortu zenetik, haziz joan da, ahalik eta Afrikako hiririk handiena bihurtu den arte, inguruko gazteena ere izan arren. Gaur egun, hiriak 2.940.911 biztanle inguru ditu, baina duen hazkunde tasarekin, 2015erako 5 bat milioi biztanle edukitzea espero da. Hau, baina, erdiguneko biztanleen kopurua da soilik; hiri-eremuak beste 3 milioi biztanle ditu eta eremu metropolitarrak, berriz, beste hainbeste.


XX. mendean izandako biztanleria-hazkundearen isla


Biztanle kopuru handi honekin, ez da harritzekoa jatorri eta kultura ezberdina duten pertsonek bat egitea. XX. mendeko erdialdean, beste kolonia ingelesetako atzerritar ugari ezarri ziren Nairobin, batez ere India eta Pakistangoak. Haietako gehienak trenaren eraikuntzan parte hartu zuten langileak izan ziren, eta lana amaitutakoan ere, bertan bizitzen jarraitu zuten. Horretaz gain, Somalia eta Sudaneko biztanleek ere euren komunitate propioak ezarri dituzte.

Kultura ezberdinez gain, klaseen arteko desberdintasunak ere suma ditzakegu: Keniako biztanle aberats gehienak Nairobin bizi badira ere, hiriko biztanle gehienak pobreak dira. Gainera, datuen arabera, biztanleriaren %50 behe-auzoetan bizi da, baina auzo hauek hiri-eremuaren %5a soilik estaltzen dute. Hala ere, Nairobiko behe-auzoetan bizi ez diren biztanle askok nahiko bizi-baldintza onak dituztela esan dezakegu; hiriaren mendebaldean, batez ere, etxe handi kopuru handiarekin topa gaitezke bertako auzoetan zehar. Adibide gisa, Langata eta Karen (etorkin ingelesak dituzten etorkinak bizi direnak), Parklands, Westlands, Hurlingham e.a. aipa ditzakegu.


Nairobiko herrigune txiro bat


Langatako etxe handietako bat


Sarrera edo deskribapen orokor hau egin ostean, biztanleen ezaugarri eta ohiturak azaltzen hasiko gara. Hasteko, bada zerbait Europako (herrialde gehienetako, behintzat) eta Afrikako herrialdeetako kale-bizitza ezberdintzen dituena. Izan ere, inguru horietan, eta Nairobin konkretuki, jende askorekin egin dezakezu topo kaleetan zehar, ibiltzen edo beste edozein gauza egiten badaude ere. Honek hiru arrazoi nagusi izan ditzake: alde batetik, bertako klima atsegina; bestetik, nairobitar gehienek europarrek euren etxetan izan ditzaketen aisialdirako tresnak ez edukitzea eta, azkenik, jendeak duen izpiritu ezberdina, ez baitaude eurengan horren itxita. Azken puntu honekin lotuta, Nairobiko biztanleek kaletik zoazenean agurtu ez turistekin hitz egiten hasten direla aipatu beharko genuke, eta ez zerbait saltzeko asmoa dutenak soilik.




Bestalde, hiriak segurtasun falta izugarria duela diote, eta hala sortu da duen fama txarra. Turista ugarik ez dute segurtasun-ez hori nabaritu, baina bertako biztanleekin hitz egin ostean, beldurtzen hasi ohi dira. Are gehiago, kanpotarrak oso bizkor ibiltzen dira kaleetan zehar, horren zaurkorrak ez izateko eta tentsioa gutxitzeko. Hala ere, abiadura honek hiritarrek dutenarenarekin ere izan dezake zerikusia

Trafikoa ere polemika puntu bat da. Ez dago semaforoekiko edota dauden zebrabide gutxiekiko inolako errespeturik. Hala eta guztiz, eta harritzekoa badirudi ere, etengabeko jario bat dago eta pertsonak, motorrak, kotxeak, kamioiak, “matatuak” eta beste hainbat gailu inolako arazorik gabe dabiltza. Halaber, honek ez du esan nahi harrapaketarik ez dagoenik. Gainera, Kenia Weekly aldizkariaren arabera, nairobitarrek errepidetik ibiltzeko ohitura txarra dute, eta espaloiak ez dituzte ia erabiltzen.




Emakume bat kamioi baten parean gurutzatzen


Ohitura eta ezaugarriak azaldu ostean, hirian aurki ditzakegun hainbat bitxikeria aipatuko ditugu:

  • Hiriaren gainetik hegaldatzen duten harrapari kopurua izugarria da. Honen arrazoia hirian zehar pilatzen den zabor kopurua da, ziur aski.
  • Internet oso poliki dabil (honek ez dirudi bitxikeria bat, Kenia garapen bidean dagoen herrialde bat kontsideratuz gero) eta asteartea ikusleen eguna da zinemetan.



  • Mugikorrekiko dagoen sukarra itzela da eta duela urte batzuk hemen izandakoarekin pareka dezakegu. Ehunaka denda daude Nairobin mugikorrak saltzen dituztenak eta edonon eskura ditzakegu saldoa izateko txartelak.



Umeen jolas-eremura ere iritsi dira


Honelako hiri batek biztanle ospetsuak izan beharra ditu, inolako dudarik gabe. Hauexek dira Nairobiko entzutetsuenak: Richard Leakey (paleontologoa, arkeologoa, ekologista eta politikoa), Catherine Ndereba (maratoi korrikalaria), Roger Whittaker (abeslari eta musikagilea) eta Kiran Shah (aktorea).

Catherine Ndereba korrikalaria


Kiran Shah aktorea

Sarrera honekin amaitzen dugu Afrikako hiri honen inguruko astea. Kontinente honek izan dezakeen garapena islatzen has daitekeen hiri da hau, horrenbeste zorigaitz jasan dituen lur-eremuak izan dezakeen esperantza ezin baitezakegu ezabatu.

Hurrenarte!

Cesar eta Uxue

miércoles, 25 de noviembre de 2009

Hego Amerikako Pariseko biztanleak

Argentinak 36 milioi biztanle baino gehiago ditu eta kopuru horren ia erdia hiriburu federala den Buenos Airesen eta izen bereko probintzian bizi da. Beraz, zer esan handia dute hiriburuko biztanleek herrialdeko kulturan, eta bertako ohitura diren hainbat egoera eta jarrera herrialde osora orokortu dira gaur egun. Baina iritzi eta ohitura horiekin hasi aurretik, hona hemen hainbat datu, pertsona hauek hobeki ezagutzeko:

Argentinarren %95a arraza kaukasiarduna da, italiar eta espainiarren ondorengoak baitira batik bat. Hala, Europako etorkinera etorrera masiboa gertatu zenean, mestizo-egoera (zuri eta indioen arteko gurutzea) gutxitzen joan zen eta gaur egun Argentinako biztanleriaren %4,5 baino ez dira. Erabateko indigena direnen ehunekoa, berriz, %0,5ekoa da; ehuneko honen barruan ageri dira maputxeak, kollak, tobak, matakoak eta txiriguanoak.





Hizkuntzari dagokionez, jakin badakigu herrialde osoko hizkuntza ofiziala gaztelera dela. Baina agian ez genekien datua Buenos Airesen “Lunfardo” jergaren itxura hartzen duela da. Erlijio ofiziala, berriz, Katoliko, Apostoliko Erromatarra da, baina sinesmen-askatasun osoa dago, eta erlijio ofizialaz gain, erlijio protestantea, judutarra, islamiarra, greziar ortodoxoa, errusiar ortodoxoa eta beste hainbat ere ageri dira eguneroko bizitzan.

Eta datu orokor hauek eman ondoren, Buenos Aireseko biztanleei buruz esaten denari ekingo diogu. Bi iritzi kontrajarri daude arlo honetan, eta haietako bakoitzak ezaugarri ezberdinak ezartzen dizkie “porteñoei”, halaxe deitzen baitzaie hiriburuko biztanleei.



Batzuen ustetan, pertsona burutsu eta umore onekoak dira, baita bereziki adeitsu eta gizalegetsuak ere. Gainera, egoera eta elkarrizketaren arabera, era batera edo bestera jarduten badakite: alaiak eta festazaleak edota serio eta gai bati jarraikiak izan daitezke, beraien ezagutzaren ekarpena egiteaz gain, beste ikuspuntu eta kultura batzuk onartzeko gai ere badira. Azkenik, talentu eta tentu handia duten pertsonak omen dira, eta intuizio erabiliz ba omen dakite noiz gonbidatu edota noiz onartu gonbidapen bat.

Beste batzuek aldiz, iritzi hau bertan behera suntsitzen dute kontrako argudioekin. Orokorrean argentinarrek kontinente osoko biztanle esnobenak izatearen fama omen dute, txiletarrek, brasildarrek, boliviarrek eta kolonbiarrek eurekiko iritzi adikorragoa badute ere. Korronte honen arabera, eurek “indiarrengandik” desberdinak direla uste dute, argentinar gehientsuenek arbaso mestizoak badituzte ere. Gainera, porteñoei buruz hizketan hasten direnean ere ez dituzte oso gauza atseginak esaten: tasa per capita altuena omen dute psikiatrei eginiko kontsultei dagokienez, eta nagusitasun konplexu bat ere ezkutatzen omen dute Argentina munduko gainontzekoen gainetik eta Europaren mailan berberean dagoela diotenean. Gainera, eta hau kontrajarria dagoela badirudi ere, askok EE.BB aurkako sentimendua daukate.


Festazaleak omen dira, baina...


...psikiatraren kontsultarantz gehiegi jotzen omen dute


Baina hauek kanpotik emandako iritziak izanik ere, Buenos Aireseko biztanleek beraiek ere badute euren iritzi propioa, haiei eginiko inkestetan isla daitekeen bezala. Centro de Estudios Observatorio Porteñok hiriburuko 500 biztanleri eginiko azterketan oinarrituta daude datu guztiak, lehena izan ezik; hori tokiko “Perfil” egunkariak kaleratutako inkestari dagokio. Hauexek dira jasotako erantzunak:

  • Biztanleen %63k bere burua Latindar Amerikako gainontzeko biztanleena baino kultuagotzat dauka eta zinema hobesten dute kultur ekintza guztien gainetik.
  • Inkesta eginiko %70ak “kultura maila handia duen pertsona” dela uste du
  • Biztanleen %58 zinemara joaten omen da eta ekintza horri jarraiki, berriz, musika kontzertuak (%20) eta antzerkia (%13,6) izango genituzke.
Zinema jaialdia

  • Musikarekiko egundoko hobespena daukate; %23k musika instrumenturen bat jotzen omen du denbora-pasa bezala eta %21a dantza egitera joaten omen da aldiro.
  • Inkesta honen egileek porteñoek kulturari dagokionez autoestimu maila altua dutela ondorioztatu zuten, baina Hiriko Gobernuak ezarritako gune kulturaletara haien %22a joaten dela soilik erreparatu zuten (jarraikortasun batekin, behintzat).

Kulturguneetako bat

  • %40 ez da gune horietara inoiz joan, %38k ez du inoiz Buenos Aireseko museo batetara joateko aukerarik izan eta %73k ez daki zein den kultura-tailerren edukia.
  • Inkesta eginiko %43k eskultura edo pintura museoren bat noizbait bisitatu izana onartu zuen eta denbora falta omen da gehiengo bat gehiagotan ez joatearen arrazoi nagusia.
  • Hiriburuko 10 biztanletatik 7k antzerkiren batetara noizbait joan izana esan zuten, eta inkestaren ondorioetako bat zera izan zen: difusio handiagoa egongo balitz, porteñoek kulturaren inguruko ekintza gehiago kontsumituko lituzketela.


Horren ezagun diren antzerkietako bat - Difusio falta ote da portañoak horrenbeste ez bertaratzearen arrazoia?


Eman dugu jada kanpokoen iritzia eta baita bertako biztanle argentinarrena ere. Azken talde bat falta zaigu, beraz: Buenos Airesen bizi diren kanpotarrena, hain zuzen ere. Hauei, adibidez, gizonezkoak elkarren artean muxu bat emanez agurtzea, emakumeei kaletik hitz ederrak oihukatzea, metroko eskailerek ez funtzionatzea eta jaki gozo gehienak “dulce de leche” delakoaz beterik egotea harritzeko egoerak iruditzen zaizkie. Buenos Aireseko “berezko” biztanleentzat, aldiz, eguneroko gauza normalak dira.

Kanpotar hauetako askok sarea erabiltzen dute horrelako “bitxikeriak” familia eta lagunei kontatzeko; blogak erabiltzen dituzte, hain zuzen ere, euren bertako bizitzaz hitz egiteko. Bloggers in Argentinan, esaterako, topikoetara jotzen dute emakume argentinarra eta porteñoa deskribatzeko: lehenengoaz, oso ederra dela diote, baina argalegia ere ba omen da eta gehiegi arduratzen da fisikoaz; bigarrenaz, berriz, erakusgarria, lagunartekoa, adeitsua, harroa, kexatsua eta oso ezkorra dela aipatzen dute.

Horretaz gain, kanpotarrek hiriari eta bertako biztanleen jarrerari beste hiru ezaugarri gehitu lizkieke:

  • Shock eta konfortaren arteko nahasketa: kontraste handiko hiria dela diote, veredakin paseatuz gero Europako edozein hiritan zaudela baitirudi eta, bat-batean, izkinaz bestalde zaborrezko mendi batekin edota manifestaldi batekin topo egin baitezakezu; bertakoek esango luketen hitz bat erabilita, hiria “quilombo” bat dela esan genezake. Guzti honekin badu zerikusia beste bitxikeria batek: kaletik korrika egitea nolabait “debekatuta” egoteak. Izan ere, auto gidariak ez dira geldituko eta arriskutsua izan daiteke, eta are gehiago veredara joanez gero, bertan txakurren hondakinekin edo baldosa hautsi batekin tupust egin baitezakegu eta bestela, bertan dabilen inork ez dizu pasatzen utziko.

Hau ez da oso ohikoa, kanpotarren esanetan

  • Dieta sinplea: haragia eta ardoa asko goresten dituzte, baina jan ohiturak oso monotonoak direla diote eta jaki exotikoak aurkitzea oso zaila omen da, produktu horiek oso garestiak izateaz gain.

Hauxe da janari tipikoa

  • Adeitasun eta errespetua: jendearen berotasunean denek egiten dute bat, eta askori harritu egiten die metroan edo autobusetan adinekoei eta haurdun dauden emakumeen eserlekua uztea, Europako herrialde askotan eta EE.BBetan hori ez baita maiz gertatzen. Porteñoek alde txarrak bakarrik ikusten dituztela diote, eta Buenos Aires lehen mundua ez den arren, hiri izugarria dela diote, jende maitabera eta bihotz onekoez betetakoa. Kaos bat bada ere, hori aguantatuz gero, benetan maiteko duzun hiria.

Ezkortasunaren eta kaosaren gainetik, beraz, adeitasuna, goxotasuna eta abegikortasuna antzeman beharko genituzke Buenos Aireseko hiritarrengan eta bertako kaleetan. Izan ere, zeintzuk dira hiriaz gozatu ahal izateko gidari egokienak?



Beste bat arte!

Cesar eta UxueNegrita

domingo, 8 de noviembre de 2009

Heterogeneotasuna: modernitatea eta zantzu kontzerbadoreak elkarbizitzan dauden gizartea

Kairo oso hiri handia da, aurretik dakigun bezala. Beraz, pertsona asko bizi dira bertan: gune metropolitarrean 17.285.000 bizi dira, hain zuzen ere. Munduko 13. Hiririk populatuena eta Afrikako hirien artean, podiumeko lehenengo postuan dago demografiari dagokionez. Egiptiarrek, horrexegatik, “hiri guztien ama” edota “mila minareteen hiria” bezala dute ezagun.



Egiptiar populazioa, orokorrean, nahiko homogeneoa da jatorriari dagokionez, baina gizartearen alde modernoa heterogeneoagoa da, antzinako gizartearekin zenbait lotura mantentzen baditu ere. Bigarren multzo honetan sartuko genituzke, beraz, Kairoko biztanleak.

Kairotarrek hitz egiten duten hizkuntza nagusia arabiarra da, noski; baina turismoa eta negozioak direla eta, arlo horietako langileek ingelesa eta frantsesa ere badakite kasu askotan. Orokorrean, gainera, nahiko jarraitzen dute erlijioa: biztanleen %90a islamiarra da, %9 kristaua (kopto-fedea jarraitzen dute, batez ere) eta gainerako %1ak erlijio judutar-kristauak edo ekialdeko baten bat jarraitzen dutela diote.



Klase sozialek ere badute presentzia Kairotarren artean. Maila altuko biztanleen kopurua oso txikia da, baina gutxi horiek oso aberatsak ditugu. Horiez gain, badago erdi mailako klase nahiko dirudun bat ere, baina klase zabaleneko biztanleek maila sozial eta ekonomiko azpigaratuago bat daukate, eta langabezia tasa, adibidez, %14koa da klase horretako biztanleria aktiboaren artean. Tasa hori altuagoa da unibertsitatea amaitu berri duten gazteen artean, eskaintza eskaria baina askoz ere altuagoa baita.

Oso bizitza sozial aktiboa daukate Kairon, eta gehienbat familia eta erlijioaren inguruan eratzen dute bertako biztanleek. Gainera, hirian ekintza eskaintza oso zabala dago, eta antzerki, jatetxe, klub, taberna eta polikiroldegietara joatea eskuraerraza da haientzat.





Pertsona adeitsu eta abegikorrak dira, alaiak eta izaera irekikoak eta errespetu berdina jasotzea espero izaten dute turisten aldetik. Esaldi honekin oso ondo irudikatuko genuke errealitate hori: eurek errespetuz tratatzen dituztenak errespetatzen dituzte kairotarrek. Horrexegatik, hiri islamiar bateko hiriburua baldin bada ere, nahiko “mendebalduta” dago eta liberalak dira, turismoarekiko oso harreman normalizatua baitaukate. Baina, guzti horren gainetik, hiri islamiar baten barnean daudenez, zenbait ohitura kontserbadoreren jabe dira; horietako batzuk, noski, janzkerarekin dute zerikusia. Emakumeek, adibidez, kontu handiz zaindu behar izaten dute euren janzteko era, batez ere erlijioarekin lotutako eraikinetan. Hala ere, mendebaldeko kulturako janzkera guztiz onartuta dago jatetxe, hotel, taberna eta diskoteka modernoetan.

Emakumeen janzkerak zenbait sinbolo kontserbadore ditu oraindik ere

Kairotar bat lehenengo aldiz ikusten dugunean, eskua emanez agurtu beharko dugu, hori baita euren agurtzeko ohituko modua. Hala ere, ekintza horrengatik ez genuke ondorioztatu beharko kultura hotz baten gabe diren; are gehiago, kontaktu fisiko handiagoa edukitzeko ohitura daukate: hitz egiterako orduan, adibidez, europarrek baina distantzia motzago bat erabiltzen dute eta hizketan ari direnarekin lotura sortu izan ohi dute bera ukituz.

Gehienak, arabiarren artean ohiko den bezala, familia handi baten inguruan hezitakoak dira eta hori dela eta, sarritan ez dira eroso sentitzen bakarrik daudenean. Adibide bat jar dezakegu hau hobeki ulertzeko: imajina dezagun zine huts batean gaudela Kairo erdian; ez dago gu baino inor gehiago. Bat-batean, kairotar bat zinema-salara sartzen da; bada, gure ondoan eseriko da seguruenik.

Familiaz inguraturik egotea dute ohikoena

Beste ezaugarri bat ere haien izaeran guztiz barneratuta dago: ez dira puntualak. Baliteke kairotar bat norbaitekin geldituta egonez gero berandu iristea, baita ez azaltzea ere. Oso normala da kultura arabiarrean itxaronarazte hori, baita atzerritarrekin erlazionatutako negozioetan ere.

Negozioei buruz ere beste zerbait esan dezakegu. Enpresari bat bere lana dela eta norbaitekin gelditu baldin bada, elkartze hori ez da inolaz ere pribatua izango: bisita lagun eta familiako kideen bisitek etengo dute, baita telefono deiek ere. Gainera, enpresari horiek ez dute tratua itxiko ahalik eta solaskidea ezagutu eta harekiko konfiantza duela sentitzen duen arte. Beraz, alde sozialek komertzialek bezainbesteko garrantzia daukate Kairon, eta erabakiek luze jo dezakete.

Beste ohitura bat aipatzearren, herrialde osora zabal dezakegun bat azalduko dugu. Ostirala egun santua da islamiarrentzat eta, beraz, denda eta negozio guztiak itxita egon ohi dira. Bestalde, biztanle gehienek ez dute larunbatetan (ingelesek utzitako ohitura bat genuke hauxe) edo ostegunetan lan egiten; banaketa hau gobernuak antolatu zuen trafikoa gutxitzeko asmoz.

Arazo hau konpontzea posible ote?

Guzti hau jakin ondoren, gauza garrantzitsu bat egitea falta zaigula antzeman dezakegu: bertako biztanleekin harremanetan jartzea, alegia. Bada, zertaz hitz egin ez dakigula baldin bagaude, kirolen gaia atera dezakegu inolako beldurrik gabe, oso kirolzaleak baitira kairotarrak: futbola, saskibaloia, zaldi-karrerak, tenisa eta itsas-kirol guztiak oso gustuko dituzte. Bestalde, ez da arraroa izango elkarrizketaren erdian txisteren bat kontatzen baldin badute, asko gustatzen baitzaizkie; gainera, askotan eurei egingo diete txiste horiek erreferentzia, batez ere burokraziaren gaiari. Elkarrizketa atsegin hauek luzatzea oso erraza izango da, tea edo kafea edaten dugun bitartean eta, seguruenik, tabakoak sortutako keak inguratuta gaudela.



Eta ingurugiro alai eta atsegin (kea alde batera utzita) honen erdian agurtuko zaituztegu gaurkoz. Zein izango ote da gure hurrengo aukera? Hurrengo sarrerara arte itxaron beharko dugu denok ere hori asmatzeko.

Hurrenarte!

Cesar eta Uxue

viernes, 30 de octubre de 2009

"Sydneysyders"

Horixe da Sydneyn bizi diren guztiek jasotzen duten jentilizioa (4.119.190 pertsona, 2006ko erroldaren arabera). Gehienek Britainia Handiko eta Irlandako arbasoak dituzte, baina italiarrak, greziarrak eta asiarrak ere baziren haietako batzuk. Biztanle horien gehiengoa hirigunean bizi da, lanleku eta garraio publikorako lotura hobeak daudelako. Hirigune horren da Australian dentsitate handiena duen lekua.



Errolda horren arabera ere, biztanleen %2a jatorri indigena dauka eta %31,7 atzerrian jaiotakoa da (gehienak Britainia handian, Txinan eta Zeelanda Berrian). Datu hauek kontuan hartuta, ez zaigu arraroa irudituko sydneysider ugarik bigarren hizkuntza bat hitz egitea, ama-hizkuntza duten ingelesaz gain: orokorrean, arabiarra, txinera eta italiera izan ohi dira bigarren hizkuntza horiek. Esatea komeni zaigu Sydney dela mundu osoan atzerrian jaio den pertsona portzentaje handiena duen zazpigarren hiria; Londres eta Paris bezalako hiriak ehuneko horren atzetik daude.



Multikulturaltasun hau Australiako identitate nazionalaren ezaugarri bihurtu da, baita bereizgarri kultural garrantzitsuenetako bat ere. Hori dela eta, ez da batere arraroa hiriko kaleetan zehar kultura desberdin guzti hauen inguruko lokalak aurkitzea; eta hau ez da salbuespena kultura latindarren inguruan, oso ohikoa baita jatetxe mexikarrak, artisautza indigenari buruzko erakusketak eta tangoa eta saltsa bezalako dantzak irakasten dituzten lokalak aurkitzea. Gainera, beste herrialde askotan ohikoa ez den bezala, Sydneyn (eta baita Australia osoan zehar ere), etorkinek ez dituzte arrazakeria erasoak edota zokoratzea jasaten, eta bizi maila ona izatea lortzen dute.

Hiriko biztanleen izaera deskribatu beharko bagenu, alaiak, txeratsuak eta nahiko informalak direla esan beharko genuke. Klase-desberdintasun handirik gabeko gizarte baten partaide dira; gizartea hala izatearen arrazoietako bat lan zuzenari ematen zaion garrantzia izan daiteke, arrakasta azkar eta erraza alde batera uzten baitu. Ondorioetako bat, berriz, beste kulturekiko erakusten duten errespetua da; horrexegatik dira horren abegikorrak kanpotarrekin.



Baina sydneysidersen bizi osoa ez dago lanaren eta abegikortasunaren inguruan; aisialdia ere gustuko dute. Bertako klima epela dela eta, kanpoan egon daitezkeen ekintzez gozatzeko aukera daukate: Manly eta Bondi bezalako hondartzak igerilari, surflari eta eguzkia maite duten pertsonez lepo egon ohi dira eta nabigazioa ere oso zaletasun herrikoia da bertan.


Bondi hondartza

Kirolzaleak ere badira eta kirol-mota ugarirenak gainera (futbol eta saskibaloiarekiko kirolzaletasun amorratuan soilik erori gabe). Honako kirol hauen jarraitzaile dira, besteak beste: Australian Rules Football, kriketa, Rugby Union eta Rugby League, futbola eta tenisa. Gehienetan, kirol hauen inguruko norgehiagoka eta ekintzak Sydney Cricket Ground eta Sydney Football Stadiumean egin ohi dira.

Sydney Cricket Ground



Musika ere gustukoa dute eta Sydneyko festibala (Big Day Out deritzotena) urtarrilero egin ohi da. Festibal honek irauten duen bitartean, Sidneyko biztanle ugari joan ohi dira ekitaldi artistikoak ikustera, kanpoan egiten diren kontzertuak entzutera eta beste hainbat ekintzez gozatzera.



Honetaz gain, “Demostración Real de Pascua” deiturikoa egin ohi da apirilero Homebushen eta abereak ikusteko eta beste hainbat gertakari antzemateko aukera eskaintzen du.

Beraien izaera, jatorria, ingurua eta gustuak ikusita (edo irakurrita, hobeto esanda) Sydneyko biztanleak nolakoak diren irudikatzeko aukera izan dugu. Baina oraindik hau egitea kostatzen bazaigu, hona hemen bertan bizitako zenbait pertsonaia ezagun, ea rol hauek haiengan irudikatzea lortzen dugun: Delta Goodreem eta Natalie Imbruglia ditugun musikaren munduan , Poppy Montgomery aktoreenean ("Sin rastro" telesaileko aktoresa da), eta Miranda Kerr eta Elle McPherson modaren inguruan. Badirudi fama emakume izatearen eskutik datorrela hiri honetan.

Natalie Imbruglia abeslaria kontzertu batean

Miranda Kerr modeloak "Victoria Secret" markarako desfile batean parte hartzeko aukera izan zuen

Eta hauxe izan da dena gaurkoz, baita hiri honen inguruan ere. Geure hurrengoa helburua zein den jakin nahi baduzue, hurrengo eguneko sarrera irakurtzea itxoitea besterik ez duzue!

Hurrenarte!

Cesar eta Uxue