domingo, 8 de noviembre de 2009

Heterogeneotasuna: modernitatea eta zantzu kontzerbadoreak elkarbizitzan dauden gizartea

Kairo oso hiri handia da, aurretik dakigun bezala. Beraz, pertsona asko bizi dira bertan: gune metropolitarrean 17.285.000 bizi dira, hain zuzen ere. Munduko 13. Hiririk populatuena eta Afrikako hirien artean, podiumeko lehenengo postuan dago demografiari dagokionez. Egiptiarrek, horrexegatik, “hiri guztien ama” edota “mila minareteen hiria” bezala dute ezagun.



Egiptiar populazioa, orokorrean, nahiko homogeneoa da jatorriari dagokionez, baina gizartearen alde modernoa heterogeneoagoa da, antzinako gizartearekin zenbait lotura mantentzen baditu ere. Bigarren multzo honetan sartuko genituzke, beraz, Kairoko biztanleak.

Kairotarrek hitz egiten duten hizkuntza nagusia arabiarra da, noski; baina turismoa eta negozioak direla eta, arlo horietako langileek ingelesa eta frantsesa ere badakite kasu askotan. Orokorrean, gainera, nahiko jarraitzen dute erlijioa: biztanleen %90a islamiarra da, %9 kristaua (kopto-fedea jarraitzen dute, batez ere) eta gainerako %1ak erlijio judutar-kristauak edo ekialdeko baten bat jarraitzen dutela diote.



Klase sozialek ere badute presentzia Kairotarren artean. Maila altuko biztanleen kopurua oso txikia da, baina gutxi horiek oso aberatsak ditugu. Horiez gain, badago erdi mailako klase nahiko dirudun bat ere, baina klase zabaleneko biztanleek maila sozial eta ekonomiko azpigaratuago bat daukate, eta langabezia tasa, adibidez, %14koa da klase horretako biztanleria aktiboaren artean. Tasa hori altuagoa da unibertsitatea amaitu berri duten gazteen artean, eskaintza eskaria baina askoz ere altuagoa baita.

Oso bizitza sozial aktiboa daukate Kairon, eta gehienbat familia eta erlijioaren inguruan eratzen dute bertako biztanleek. Gainera, hirian ekintza eskaintza oso zabala dago, eta antzerki, jatetxe, klub, taberna eta polikiroldegietara joatea eskuraerraza da haientzat.





Pertsona adeitsu eta abegikorrak dira, alaiak eta izaera irekikoak eta errespetu berdina jasotzea espero izaten dute turisten aldetik. Esaldi honekin oso ondo irudikatuko genuke errealitate hori: eurek errespetuz tratatzen dituztenak errespetatzen dituzte kairotarrek. Horrexegatik, hiri islamiar bateko hiriburua baldin bada ere, nahiko “mendebalduta” dago eta liberalak dira, turismoarekiko oso harreman normalizatua baitaukate. Baina, guzti horren gainetik, hiri islamiar baten barnean daudenez, zenbait ohitura kontserbadoreren jabe dira; horietako batzuk, noski, janzkerarekin dute zerikusia. Emakumeek, adibidez, kontu handiz zaindu behar izaten dute euren janzteko era, batez ere erlijioarekin lotutako eraikinetan. Hala ere, mendebaldeko kulturako janzkera guztiz onartuta dago jatetxe, hotel, taberna eta diskoteka modernoetan.

Emakumeen janzkerak zenbait sinbolo kontserbadore ditu oraindik ere

Kairotar bat lehenengo aldiz ikusten dugunean, eskua emanez agurtu beharko dugu, hori baita euren agurtzeko ohituko modua. Hala ere, ekintza horrengatik ez genuke ondorioztatu beharko kultura hotz baten gabe diren; are gehiago, kontaktu fisiko handiagoa edukitzeko ohitura daukate: hitz egiterako orduan, adibidez, europarrek baina distantzia motzago bat erabiltzen dute eta hizketan ari direnarekin lotura sortu izan ohi dute bera ukituz.

Gehienak, arabiarren artean ohiko den bezala, familia handi baten inguruan hezitakoak dira eta hori dela eta, sarritan ez dira eroso sentitzen bakarrik daudenean. Adibide bat jar dezakegu hau hobeki ulertzeko: imajina dezagun zine huts batean gaudela Kairo erdian; ez dago gu baino inor gehiago. Bat-batean, kairotar bat zinema-salara sartzen da; bada, gure ondoan eseriko da seguruenik.

Familiaz inguraturik egotea dute ohikoena

Beste ezaugarri bat ere haien izaeran guztiz barneratuta dago: ez dira puntualak. Baliteke kairotar bat norbaitekin geldituta egonez gero berandu iristea, baita ez azaltzea ere. Oso normala da kultura arabiarrean itxaronarazte hori, baita atzerritarrekin erlazionatutako negozioetan ere.

Negozioei buruz ere beste zerbait esan dezakegu. Enpresari bat bere lana dela eta norbaitekin gelditu baldin bada, elkartze hori ez da inolaz ere pribatua izango: bisita lagun eta familiako kideen bisitek etengo dute, baita telefono deiek ere. Gainera, enpresari horiek ez dute tratua itxiko ahalik eta solaskidea ezagutu eta harekiko konfiantza duela sentitzen duen arte. Beraz, alde sozialek komertzialek bezainbesteko garrantzia daukate Kairon, eta erabakiek luze jo dezakete.

Beste ohitura bat aipatzearren, herrialde osora zabal dezakegun bat azalduko dugu. Ostirala egun santua da islamiarrentzat eta, beraz, denda eta negozio guztiak itxita egon ohi dira. Bestalde, biztanle gehienek ez dute larunbatetan (ingelesek utzitako ohitura bat genuke hauxe) edo ostegunetan lan egiten; banaketa hau gobernuak antolatu zuen trafikoa gutxitzeko asmoz.

Arazo hau konpontzea posible ote?

Guzti hau jakin ondoren, gauza garrantzitsu bat egitea falta zaigula antzeman dezakegu: bertako biztanleekin harremanetan jartzea, alegia. Bada, zertaz hitz egin ez dakigula baldin bagaude, kirolen gaia atera dezakegu inolako beldurrik gabe, oso kirolzaleak baitira kairotarrak: futbola, saskibaloia, zaldi-karrerak, tenisa eta itsas-kirol guztiak oso gustuko dituzte. Bestalde, ez da arraroa izango elkarrizketaren erdian txisteren bat kontatzen baldin badute, asko gustatzen baitzaizkie; gainera, askotan eurei egingo diete txiste horiek erreferentzia, batez ere burokraziaren gaiari. Elkarrizketa atsegin hauek luzatzea oso erraza izango da, tea edo kafea edaten dugun bitartean eta, seguruenik, tabakoak sortutako keak inguratuta gaudela.



Eta ingurugiro alai eta atsegin (kea alde batera utzita) honen erdian agurtuko zaituztegu gaurkoz. Zein izango ote da gure hurrengo aukera? Hurrengo sarrerara arte itxaron beharko dugu denok ere hori asmatzeko.

Hurrenarte!

Cesar eta Uxue

No hay comentarios:

Publicar un comentario