jueves, 12 de noviembre de 2009

Berlingo Hormatik haratago

Azaroak 9an, jada denok dakigun bezala, Berlingo Hormaren erorketaren 20. urteurrena ospatu zen mundu osoan zehar eta, batez ere, hirian bertan. Berlinen arestiko historiaren gertakaririk esanguratsuena dugu hau, baita sortu zenetik gaur egunerainoko garrantzitsuenetakoa ere. Baina ez da hau hiriak bizi izan duen gertakari bakarra. Oso bide luzea ibili izan da honaino iristeko.

Berlinen historia, beraz, Alemaniarena bera ere badela esan dezakegu (Alemania, gaur egun ezagutzen dugun mugekin, noski). 1200. urtearen inguruan Berlin eta Cölln izeneko herriak sortu ziren eta berauek elkartu egin ziren mende bat beranduago, 1307an, hain zuzen ere. Hala elkarturik, 7000 biztanleko hiri bakarra osatu zuten, zeina
Berlin izenarekin mantendu zen.





Hala ere, 1415 arte ez zuen garrantzia handiegirik izan. Urte hartan, baina, historikoki ezagun bihurtzeko gertakari baten oinarri izan zen, Bradenburgo Estatuko hiriburu aukeratu baitzuten; estatu hau, garai hartan Inperio Erromatar-Germanikoa sortzen zuten estatu askotako bat zen.

Urte eta mende batzuen ostean, lurralde haiek Prusiar Inperioaren barnean kokatu ziren. 1759an, Ekialdeko Prusia errusiarren esku zegoen, Zazpi Urtetako Gerra zela eta; beraz, Berlin ere haien boterepean ageri zen. Baina 1762an, Errusiako enperatriza hil ostean, Pedro III.ak (bere oinordekoak) bake ituna sinatu zuen Prusiako enperadorearekin eta, beraz, gerra amaitu egin zen.

Hori ez zen izan,ordea, ur haietan gertaturiko gerra bakarra. Lehenik, Prusiak Austria garaitu zuen Zazpi Astetako Gerran (1866) eta, ondoren, Frantziako II. Inperioko gudarosteari ere irabazi zion, Gerra Franko-Prusiarrean, hain zuzen ere. Ekintza guzti hauek jazo eta gero, Prusiak Alemania osoaren bategitea lortu zuen 1871an eta, horren ondorioz, Berlin Alemaniar Inperioko hiriburu bihurtu zen, aurretik esan bezala, Bradenburgo Prusiar Inperioaren zati zelako.

Bradenburgoko Atea - 1871


Handik aurrera, aldaketa demografiko izugarria izan zuen Berlinen, eta biztanle kopurua izugarri hazi zen: hasiera batean, 1871an, 824.484 biztanle bizi ziren bertan; 1900an, berriz, 1.888.313 izatera pasa ziren eta 1925erako jada 4.024.165 pertsonei ematen zien ostatu. Hori zela eta, erreferente bihurtu zen kultura eta arkitekturari dagokienez eta mundu mailan, finantza-gune izatera ere pasa zen.

1903ko irudi bat

Gertakari horien ostean, kronologikoki hurrengo aro esanguratsuena nazien kontrolpean bizi izandakoa izan zen, inolako dudarik gabe. Aro beltz eta ilun hartan zehar ere hiriburu izaten jarraitu zuen eta 1939an puntu demografiko gorenena lortu zuen, 4.338.756 biztanledun hiria bihurtu baitzen. Führer-ak (Adolf Hitlerrek) hirigintza-lan handiak planifikatu zituen eta lan haiek Albert Speer-en esku utzi zituen; horretaz gain, izena ere aldatu egin nahi izan zion eta Germania bezala izendatu. Hala ere, ekintza hauek ez ziren aurrera eraman, II. Mundu Gerra piztu baitzen: bertan, hiriaren zati handiena txikituta geratu zen Royal Air Force (Ingalaterrako Aire Armada) eta USAAFak (EE.BBetakoak) egindako bonbardaketetan eta, hori gutxi balitz, Berlingo Erasoa gertatu zen bertan ejertzito sobietarraren aurka. Guzti honen ondorioz, noski, milaka eta milaka zibil hil ziren.


Hitler Berlinen


Mitin izugarri handi bat






Gerraren ondorio izandako suntsiketa

Nazien Erregimena garaitu izan zenean, baina, Berlin lau zatitan banatu zuten aliatuek, eta zati hauetako bakoitzaren administrazioa aliatu bakoitzaren esku gertatu zen; Sobietar Batasuna, Frantzia, Britainia Handia eta EE.BBak ziren sektore haietako bakoitzaren arduradunak.

1948an, II. Mundu Gerraren ondorioak oraindik bertan ziharduten bitartean, Mendebaleko Berlin osatzen zuten hiru sektoreek (Britainia Handia, EE.BBak eta Frantziako sektoreek, hain zuzen ere) Alemaniako Errepublika Federala (AEF) izeneko herrialdearen barnean bat egin zuten. Sobietar Batasunak estrategikoki erantzun zion mugimendu horri eta, hala, Alemaniako Errepublika Demokratikoa (AED) eratu zuen urte bat beranduago. Gainera, Ekialdeko Berlin herrialde berri horretako hiriburu izendatu zuen. Hala ere, blokeo honek ez zuen arrakastarik eduki, airezko zubi bat mantendu baitzen Alemaniako Errepublika Federaletik hara.




Eta 1961, aste honetan ospatzen aritutakoaren jatorria eratzen hasi zen; izan ere, AEDk horma bat eraiki zuen (Berlingo Horma) hiriaren bi zatiak banandu eta Mendebaldeko Berlin AEDtik isolatuta gelditzeko. Sobietarrek ez zuten ekialdeko alemaniarrek mendebaldera emigra zezaten nahi. Hormak 144km-tako luzera zuen eta Gerra Hotzeko sinbolo ezagunenetako bat izan zen, Alemania zatituta egon zela seinale. Hala ere, biztanleak ez ziren isilik gelditu eta asko Horma zeharkatzen saiatu ziren; baina alferrik izan zen haietako gehienentzat, asko hil egin baitziren AEDko mugako guardien zaintza gainditu nahian.

Baina ekialdeko biztanleak ez ziren hiria utzi nahi zuten bakarrak, Mendebaldeko Berlingo biztanle ugarik ere alde egin baitzuten. Arrazoiak segurtasunik gabe bizi zirela sentitzea eta ekonomia arazoak izan ziren: hiria isolaturik ageri zen sobietarren kontrolpean ageri zen lurralde batean eta nahiz eta diru-laguntza ugari jaso, ez zeuzkaten herrialdeko gainerako lekuetan zituen aukera berdinak. Hori dela eta, hiriko biztanle kopurua jaitsi egin zen.


Hormaren nondik norakoa


Horma eraikitzearen prozesua gogorra izan zen

Egoera jasangaitz horretan bizi zirenen zorionerako, hark ez zuen betirako iraun izan eta Berlingo Horma 1989ko azaroaren 9an erori zen, AEDko gobernuak hiriko bi guneetako pertsonak askatasun osoz zirkulatzea onartu zuenean. Hala ere, nik gehiago esango nuke: Horma erori baino gehiago, biztanleek hautsi zuten, ekintza askatasun-sinbolo argi bat bihurtu nahirik.

Urte bat beranduago, gainera, AED desagertu egin zen entitate bezala eta lurraldea AEF barruan anexionatu zen. Azken honek bere hiriburua lekuz aldatu zuen 1990an eta Bonn izatetik Berlin izatera pasa zen beste behin ere. Hala, desagertutako errepublikako biztanleek Europar batasunean sartzeko aukera izan zuten bategite berri honen ondorioz.




Horma hainbat puntutan zehar erori zen

Gaur egun, Berlin obra ugaritan murgilduta ageri da eta bertako paisaia garabiz josirik dago. Eraikin eta leku asko berritu egin dituzte eta haietako batzuk aspaldi zeukaten ospe eta dirdira berreskuratzen ari dira, Potsdamer Platz eta Reichstag-a, kasu. Lan hauek munduko arkitekto hoberenen esku utzi dituzte eta hauek, horretaz gain, erakin berriak ere egiten dituzte. Guzti honekin, Berlinek itxura moderno, kosmopolita eta eta irekia edukitzea lortu du, aspaldiko zantzu isolatu batzuk oraindik bertan baldin badaude ere (gaur egungo naziak, kasu).

Potsdamer Platz


Reichstag

Hauxe da, beraz, aste honetan guztiz entzutetsua bihurtu den hiriaren historia. Badirudi, jasandako guztia jasanda ere, Berlinek oztopo guztiak gainditzen dituela, eta beti ere bertan ageri dela. Horixe da denok hartu beharko genukeen adibide garbiena.

Beste bat arte!


Cesar eta Uxue

No hay comentarios:

Publicar un comentario